Wittelsbach-eko etxea
Germaniar aitonen semeen familia, 1180tik 1918ra Bavariako eta Palatinatuko agintari izan zena. 1124an Scheyern-eko konde Oton V.ak bere familiaren egoitza Wittelsbach-eko gazteluan finkatu zuen eta hartatik hartu zuen izena familiak. Oton VI.a Bavariako konde izan zen (Oton I.a); 1214an Bavariako Oton II.ak Renania-Palatinatua eskuratu zuten ezkontza bidez, eta hala hasi zen Wittelsbach-eko etxearen erresuma zabaltzen. 1329an Paviako itunaren bidez Wittelsbach-eko etxearen lurrak bereizi ziren eta bi adar sortu ziren: Bavariakoa eta Palatinatukoa. Lurraldearen lehen zatiketa hartatik aurrera zatiketa eta gorabehera ugari izan ziren; besteak beste, XVI. mendean Palatinatuko adarra erreformaren alde agertu zen eta Bavariakoak berriz katoliko jarraitu zuen. XVIII. mendean, ordea, bi adarrek bat egin zuten. Karlos Teodorok Palatinatua eta Bavaria jaso zituen eta Wittelsbach-eko etxearen ondasun guztiak haren ondorengo Maximiliano I.a Joseren (1799) esku geratu ziren hala. Oro har, Germaniako Erromatar inperio santuari leial izan zen Wittelsbach-eko etxea, eta horri esker titulu ugari eskuratu ahal izan zituen; Brandenburgoko (1323-1373), Bohemiako (1619-1620) eta Suediako (1654-1718) errege izan ziren eta Maximiliano Jose I.ari errege titulua eman zion Napoleonek, Luis III.ak 1918an abdikatu zuen arte gorde zutena.