Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Williams, Tennessee

(Jaiotza izenaz Thomas Lanier William) Estatu Batuetako dramagilea, poeta eta eleberrigilea (Columbus, Mississippi, 1911 - New York, 1983). Dramagile gisa ospe handia izan zuen. Estatu Batuetako hegoaldean jaio eta hazi zen, iparraldeko negozioek hondatutako giroan, eta han kokatzen dira haren lanak. Williamsen antzerkiko gai nagusia pertsonaien behar fisikoen eta bizitzak eskaintzen dizkien aukeren arteko oposizioa da, Hegoaldeko gizarte atzerakoi eta moralzalearen barnean; protagonistak biktimak izaten dira, adimeneko eritasunek, sexu obsesioek joak, sarritan suizidiotik gertu, gizartearen erruz askotan. Gogorkeriaz beteriko obrak dira, pertsonen arteko komunikazio eza salatzen dutenak. Obra nagusiak dira: A Streetcar Named Desire (1947, Desio izeneko tranbia, Pulitzer saria), Cat on a Hot Tiny Roof (1955, Katua teilatu gainean, Pulitzer saria), Sweet Bird of Youth (1959, Gaztetako txori gozoa), Suddenly Last Summer (1958, Bapatean azken uda). Denek izan dute arrakasta handia, eta gehienak zinemara eraman dituzte. Kontakizun laburrak, bi eleberri, poesia eta autobiografia bat ere (1975, Memoirs) ere argitaratu zituen.