Williams, Esther
Estatubatuar antzezlea (Los Angeles, 1923). Haurretan igerilari gisa nabarmendu zen. 1937an 100 metrotako Estatu Batuetako txapeldun atera zen, eta urtebete geroago 300 metrotako txapeldun. Halaber, Pazifikoko igerilarien txapelduna izan zen, eta 1940ko Olinpiar Jokoetan parte hartzera deitu zuen, gero gerrak eragotzi bazuen ere. Zineman 1940an egin zuen debuta, ikuskizun akuatiko batean, Johny Wismullerren zuzendaritzapean. 1942an Metro Goldwyn Mayerrek kontratatu zuen, eta ospe handia lortu zuen Harvey epailea filmarekin. Bera eta Mickey Rooney ziren protagonistak. Are arrakasta handiagoa izan zuen, baina, Sirena eskola (1944) filmean, G. Sidneyren zuzendaritzapean. 1945-1955 bitartean bere igerilari dohainak erakusteko propio egindako filmetan parte hartu zuen, eta bere garaiko zinema izar ospetsuenetako bat izatera iritsi zen. 1962an egin zuen bere azken filma, Iturri magikoa. Gero enpresaburu gisa hasi zen lanean. International Pool Corporation izeneko industria bat sortu zuen, igerilekuak diseinatu, egin eta saltzeko, eta zenbait igeriketa eskola finantzatu zituen. 1984ko Olinpiar Jokoetan igeriketa proben esatari gisa lan egin zuen ABC telebista katearentzat.