Whymper, Edward
Ingeles mendigoizale eta artista, Matterhorn mendia (4.478 m) lehen aldiz igo zuena (Londres, 1840 - Chamonix, 1911). Anaiarekin batera zurezko grabatuak egiten zituen. 1860an Alpeetara bidali zuten Alpeei buruzko liburu baterako grabatuak egitera, eta han mendigoizale egin zen. 1861ean Pelvoux mendia igo zuen, eta 1864an Les Écrins. Matterhorn gailurrera zortzigarren ahaleginean, 1865ean, iritxi zen gora; itzuleran izandako istripu batean lau mendigoizale hil ziren, eta hiru bizirik geratu, denak lotzen zituen soka etenda. Mendigoizaleen historian ezagutzen den istripurik ezagunenetakoa da, Whymper berak egindako grabatuetan argitaratua. Groenlandia alderik alde igarotzen ahalegindu zen. Hego Ameriketan Chimborazo eta Cotopaxi gailurretara igo zen.