Whitman, Walter
(Walt deitua) Estatu Batuetako poeta (West Hills, Long Island, 1819 - Camden, New Jersey, 1892). Maila apaleko familia batean sortu zen, aita zurgina zuen eta hamaika urte zituela eskola utzi eta lanean hasi zen inprenta batean. Tipografo lanetan jardun ondoren, 1841etik 1848ra egunkari eta aldizkarietan idatzi zuen eta haietako zenbaiten zuzendari izan zen. Gero aitaren lanbideari lotu zitzaion. Gerra zibilean borondatezko erizain gisa lan egin zuen (1862-1865). Leaves of Grass (Belar hostoak) Whitman-en obra poetiko bakarra da; 1855ean lehen aldiz argitaratu zenetik behin eta berriro zuzendu eta emendatu zuen ondoko beste bederatzi argitalpenetan. Hamabi poema biltzen zuen –haien artean Song of Myself (Nire buruari kantua) ospetsua– lehen agerraldi horrek ez zuen oihartzun handirik izan. Obra hau prosaren hurbileko bertso libretan idatzia da. Demokrazian oinarrituriko Estatu Batuetako kultura autonomoa kantatzen du; izadiaren indarra gai garrantzitsuenetarikoa da, giza bizitzako indarrekin batera (sexua, heriotza). Prosazko zenbait obra idatzi zituen, hala nola Democratic Vistas (1871, Perspektiba demokratikoak), demokraziaren izaerari buruzkoa eta Specimen Days and Collect (1883, Egun hautatuak), haurtzaroko eta gerra garaiko oroitzapenak biltzen dituena. 1873an paralisiak jo zuen lehen aldiz eta zerbait osatu zelarik bidaiak egin zituen Ipar Ameriketan zehar; 1888an, ordea, bigarrenez gaixotu zen. Belar hostoak obraren zati zenbait ospetsuak dira: Calamus eta Children of Adam (1860, Adamen haurrak); Drums taps (1867, Danbor joaldiak). Whitman Estatu Batuetako poetarik handiena eta orijinalena da kritiko askoren iritziz.