Whiteley, Brett
Australiar pintorea (Sydney, 1939 - 1992). Pintura ikasketak egin zituen eta 1960an dirulaguntza lortu zuen Frantzia eta Ingalaterrara joateko ikasketak sakontzera. 1961ean UNESCOk antolatutako Parisko Pintore Gazteen Bileran Australiaren ordezkari izateko hautatu zuten, eta urte horretan bertan sari bat irabazi zuen Parisko Artista Gazteentzako Nazioarteko Bi Urtekoan, ospe handia eman ziona. 1960ko ondoko urteetan bakarkako zein taldekako erakusketak egin zituen, Londresko Whitechapel eta Marlborough galerietan, besteak beste. Gero Estatu Batuetan eta Asian izan zen, eta hirurogeita hamarreko hamarraldian Australiako pintore ospetsuena bihurtu zen. Whiteleyren obrak, indartsua eta sutsua, erretratuetatik paisaietaraino hartzen ditu. Bere koadro nagusien artean XIX. mendeko artista eta idazleen erretratuak nabarmentzen dira –Baudelaire (1970), Van Gogh (1971)–, Sydneyko badiaren margolan harrigarriekin batera. Sari asko irabazi zituen eta Australiako museoetan eta atzerriko bildumetan jarri zituen bere koadroak erakusgai.