Werner, Pierre
Luxenburgotar politikaria (Saint-André, Frantzia, 1913 - Luxenburgo, 2002). 1970ean Europako Ekonomia eta Diru Batasunaren oinarriak ezarri zituzten adituen batzordeko lehendakaria izan zen. Orduko eta geroko lan eta ekarpenak ezagutuz, Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen 1998an. Pierre Wernerrek zuzenbide eta zientzia politikoko ikasketak egin zituen. 1938an Luxenburgoko Banku Nagusian legelari gisa hasi zen lanean, eta 1944an zuzendari idazkaritza lortu zuen. 1945ean Banketxeak Kontrolatzeko komisario izendatu zuten. 1953-1974 bitartean, Luxenburgoko koalizio gobernu desberdinetan, zenbait kargu izan zituen: Ogasun eta Barne ministro (1954); Estatu ministro, Lehen ministro, Kanpo Arazoetako ministro, Justizia eta Altxorraren ministro (1964); Estatu ministro, Lehen ministro, Ogasun ministro (1969). 1968ko hauteskundeez gero, gobernu buru izan zen 1974. urtea arte. 1970eko urrian, Europako Ekonomia Erkidegoaren aurrean, Europako Ekonomia eta Diru Batasunerako bidean eman beharreko urratsak biltzen zituen txostena aurkeztu zuen. Dokumentua 1979an onartu zen, "Werner Plana" izenarekin. Planak batasuna hiru alditan lortzea proposatzen zuen, hamar urteko epean. Luxenburgoko barruko politikari dagokionez, Gaston Thornen gobernuaren ondoren (1974-1979), Pierre Wernerrek irabazi zituen hauteskundeak, eta 1979an gobernu lehendakaritza, Estatu ministerioak, Herri Ardularitzako ministerioa eta beste zenbait ministerio eskuratu zituen, harik eta 1984ko uztailean Jacques Santerrek hartu zuen haren lekua. 1985-1987 bitartean Luxenburgoko Telebista Konpainiako Administrazio Batzordeko lehendakari izan zen. 1989-1996 bitartean Europako Satelite Elkarteko lehendakari izendatu zuten. 1998ko ekainean Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea saria jaso zuen, Europako Batzordeko lehendakari Jacques Santer luxenburgotarrarekin batera, "euroaren aitatasuna" aitortu zitzaielarik.