Wells, Herbert George
Ingeles kazetaria eta eleberrigilea (Bromley, Kent, 1866 - Londres, 1946). Kazetaritza lanetan jardun ondoren literaturari heldu zion eta fikzioan oinarritutako eleberri arrakastatsuak idatzi zituen: The Time Machine (1895, Denboraren makina), The Island of Doctor Moreau (1896, Moreau doktorearen uhartea), The Invisible Man (1897, Gizon ikusezina), The War of the Worlds (1898, Munduen arteko gerra) eta The First Men in the Moon (1901, Lehen gizakiak Ilargian). Burgesiaren moralaren aurka agertu zen The New Machiavelli (1911, Machiavelli berria) eta Boon (1915) eleberri kritikoetan; sozialismo erreformatzailearen aldeko izan zen. Zientzia lanak ere idatzi zituen: The Outline of History (1920, Historiaren eskema) eta The Science of Life (1929-1930, Bizitzaren zientzia), azken hau Huxleyrekin batera egina.