Weber, Max
Alemaniar soziologoa eta ekonomialaria (Erfurt, 1864 - Munich, 1920). Zuzenbide irakasle izan zen Berlinen eta Friburgon, eta ekonomia politikokoa Heidelbergen. 1903tik 1918ra, nerbioetako eritasun batek jota, bertan behera utzi behar izan zuen irakaskuntza. Harrezkero lan handia egin zuen politikan, baina gaixo egon zen urteetan idatzi zituen lanik garrantzitsuenak. 1904tik aurrera Archiv für Sozialwissenschaft und Sozialpolitik aldizkariko zuzendaria izan zen, eta aldizkari horretan argitaratu zituen bere artikulurik garrantzitsuenak. Horien artean Die protestantische Ethik und der Geist des Kapitalismus (1904-1905, Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua) da aipagarriena. Artikulu horretan kapitalismoaren zabalkundeak kalbinismoaren dotrinarekin duen zerikusia azaltzen zuen. Izan ere, Weberrek, marxistek ez bezala, erlijio balioek, ideologiak eta agintariek berek gizarteen aldaketetan duten eragina azpimarratu zuen. Bestalde, soziologia zientziaren mailara jasotzen saiatu zen, eta metodologia objetibo bat sortu zuen horretarako. Weberren lanak berebiziko eragina izan zuen Alemanian, K. Jaspers-engan batez ere. Alemaniako zientzia sozialei ordu arte izan ez zuten maila zientifikoa eman zien, eta besteak beste, XIX. mendeko pentsalari handienen, Nietzsche eta Marx-en, obren kritika egin zuen eta ezagutzera eman zituen. Hil ondoren, Weberren lan nagusiaz gainera (Ekonomia eta gizartea, 1922) erlijioaren soziologia, metodologia zientifikoa, soziologia eta politika, eta historia sozialari eta ekonomikoari buruzko beste lanak argitaratu ziren.