Weah, George
Liberiar futbol jokalaria (Monrovia, 1966). Liberian, Young Survivor, Bongrange Company, Might Barole eta Invincible Eleven taldeetan jokatu zuen. Gero Kamerunera joan zen, Tonnerre Yaounde taldeak fitxatuta, eta talde horrekin Kamerungo Lga irabaztea lortu zuen 1988an. Urte horretan bertan Frantziako Ligako Lehen mailako Monaco taldeak kontratatu zuen. Monaco taldearekin Frantziako Kopa irabazi zuen 1991n, eta Europako Errekopako txapeldunorde geratu zen hurrengo urtean, Werder Bremen alemanaren kontra finala galdu ondoren. Hurrengo denboraldian Paris Saint-Germain taldean hasi zen jokatzen, eta talde harekin Frantziako Liga (1994) eta Kopa (1993 eta 1995) irabazi zituen. 1995ean munduko futbol talde handienetako batek fitxatu zuen, Milanek. Talde harekin 1996ko Italiako Liga irabazi zuen. Bestalde, Liberiako selekzioarekin ere askotan jokatu du. Bere kezka sozialengatik UNESCOren munduko enbaxadore izendatu zuen ONU erakundeak. Aurrelaria da, oso-oso azkarra, zalua eta trebea buruz burukoetan. Dohain horiek direla eta, Afrikako jokalari onenaren saria irabazi du bi aldiz. 1995ean Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) urteko jokalari onena hautatu zuen, Paolo Maldini italiarraren eta Jürgen Klinsmann alemanaren aurretik. Futbolaren historiako jokalari onenetakotzat hartua da.