Wayne, John
(Jaiotza izenaz, Marion Michael Morrison). Estatu Batuetako zinema antzezlea (Winterset, Iowa, 1907 - Los Angeles, 1979). Bigarren mailako antzezpenak eginez hasi zen zineman; gero, besteak beste, John Ford eta Raoul Walsh ezagutu zituen; Walshek jarri zion John Wayne ezizena The Big Trail (1930) filmean. Hirurogei bat film eginak zituen, 1939an John Forden Stagecoach (Diligentzia) filmearekin ospetsu egin zenerako. Harrezkero, cow-boyen pertsonaien irudi eta eredu bihurtu zen. Raoul Walsh, Howard Hawks eta batez ere John Fordekin lan egin zuen. Gehienbat westernak eta gerrako filmak egin zituen, baina besterik ere egin zuen; horien artean aipagarriena Forden The Quiet Man (1952, Gizon lasaia) da. Bi film zuzendu zituen, bera protagonista zela: The Alamo (1960) eta The Green Berets (1968). Joera politiko atzerakoienak aldeztu zituen beti, MacCarthy-ren “sorgin ehiza”, Vietnamgo gerra… Film batzuk: Fort Apache (1948), Red River (1948), Rio Grande (1950), The Searchers (1956), The Man Who Shot Liberty Valance (1962), Rio Lobo (1970).