Weaver, Sigourney
(Jaiotza izena, Susan Alexandra). Estatubatuar antzezlea (New York, 1949). Bere aita, Sylvestre Pat Weaver, Estatu Batuetako telebista kate inportanteenetako baten lehendakari izan zen, eta ama antzezlea zuen, britainiarra jatorriz. Filologia ikasketak egiten hasi zen Stanfordeko Unibertsitatean, literatura eskolak emateko asmoz. Unibertsitatean "gerrillako antzerki talde" deituriko batean sartu zen eta zenbait emanaldi eskaini zituzten. Gero Yaleko Unibertsitatean matrikulatu zen eta Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen. Unibertsitate horretan Christopher Durang idazle eta umoregilea ezagutu zuen eta harekin lan egin zuen zenbait obratan, Bette eta Boo-ren ezkontza edo Terapiaz harago obretan, adibidez. Ikasketak amaituta, Das Lusitania Songspiel izeneko ikuskizunean lan egin zuen Durangekin batera, eta modelo gisa ere aritu zen denboraldi batez. Antzerkiko antzezle gisa Broadwayko antzoki batean egin zuen debuta, oso gazterik Sir John Gielgun eta Ingrid Bergman antzezle handiekin, azken onen ordezko gisa, Emazte leiala obran. Beste antzerki lan aipagarri batzuk: Hurlyburly, Mike Nicholsekin, eta Emakume bat edo bi, Gerard Depardieurekin. Zineman, protagonista gisa, Alien, zortzigarren bidaiaria (1979) filmean egin zuen debuta, Ripley tenientearen papera jokatuz, izugarrizko arrakastarekin. Lehenengo haren ondoren Begi gezurtia (1981) eta Arriskuan bizi izan ginen urtea (1982) egin zituen. 1987an Oscar saritarako izendatu zuten Alien, itzulera (1985) filmean egindako lanarengatik. Gorilak lanbro artean filmari ere oso harrera ona egin zitzaion eta han egin zuen lana urte hartako antzezpen onenetako bat izan zen. Beste zenbait film aipagarri: Emakume armak (1988), Ilargi Erdiaren kalea (1985), Paradisuaren konkista (1992), Alien 3 (1992), Dave, egun bateko lehendakari (1993), Heriotza eta dontzeila (1994), Baso beltza (1995), Copycat (1996).