Watson-Watt, Robert
Eskoziar fisikaria (Brechin, 1892 - Inverness, 1973). Dundeeko unibertsitateko irakasle izan zen; geroago britainiar meteorologia zerbitzuetan aritu zen, eta Aire ministerioko komunikazio zuzendari izendatu zuten. Irrati uhinen igorpen eta harrerari buruzko lanak egin zituen, eta objektuen distantzia neurtzeko sistema bat asmatu zuen; sistema horren arabera gorputz bati irrati uhinak igorri eta gorputz horretan islatzen direnean atzera itzultzeko ematen duten denbora neurtuz kalkulatzen da gorputza zein distantziatara dagoen. Sistema horri esker 1935ean hegazkin baten ibilbidea jarraitu ahal izan zuen lehen aldiz. Haren lanak oinarrizkoak izan ziren radarra asmatzeko.