Walsh, Raoul
Estatu Batuetako zinemagilea (New York, 1887 - Los Angeles, 1980). Hasieran aktore eta zuzendari laguntzaile izen zen, gero David W. Griffith ezagutu zuen eta haren ikasle eta laguntzaile izan zen. Zuzendari gisa jardun zuen zinema mutuko izar nagusiekin; garai hartakoak dira Thief of Bagdad (1924), East of Suez (1925), Saddie Thompson (1928) filmak. 1929an begi bat galdu zuen In the Old Arizona filmatzen ari zela. 120 bat film egin zituen bere karrera osoan, baina 1940tik aurrera izan zuen garairik oparoena. Ia genero guztiak landu zituen musikala izan ezik: western-a, The Big Trail (1931), They Died whith Their Botts On (1942, Botak jantzita hil ziren), Pursued (1947), Distant Drums (1951, Urruneko danborrak); gerrako filmak, Objective Burma (1945); polizia filmak, They Drive by Night (1940), High Sierra (1941), White Heat (1949); abenturazko filmak, Blackbeard the Pirate (1952), The world in His Arms (1952); komediak, The Strawberry Blonde (1941); melodramak, Band of Angels. 1974an Each Man in His Time, biografia argitaratu zuen. Kontaketaren eta irudiaren sen handia zuen eta Hollywoodeko urrezko aroko zinemagile handienetako bat izan zen, John Fordekin eta Howard Hawksekin batera.