Waits, Tom
Estatubatuar musikaria (Pomona, Kalifornia, 1949). Kantaria, musikagilea eta antzezlea. Akordeoia eta pianoa jotzen hasi zen tabernetan, hogei urte zituela, kantatuz eta bakarrizketak antzeztuz. 1973an grabatu zuen bere lehen diskoa, Closing Time. Jazzaren eraginpeko musika egin zuen lehen urte haietan, 1978an Blue Valentine diskoa argitaratu zuen arte, rock-aren eta rhythm and blues-aren eraginpean. 1981ean F. Coppolaren One From The Heart filmerako musika idatzi zuen, eta gero Rumblefish eta Cotton Club filmetan antzezle gisa parte hartu zuen. 1985ean Rain Dogs grabatu zuen, Keith Richards gitarra-jotzailearekin batera. Harrezkero zinemagintzari eman zion lehentasuna eta gero eta bakanago argitaratu zituen diskoak. Robert Altmanen Short Cuts filmean bera bizitzan saiatu zen bezala edateari uzten saiatzen den pertsonaia baten papera jokatu zuen. Azkeneko diskoak Big Time (1988), Bone Machine (1992) eta The Black Rider (1993) ditu.