Wagner, Richard
Alemaniar musikagilea (Leipzig, 1813 - Venezia, 1883). Leipzigeko unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Thomasschuleko maisu kantaria izan zen Th. Weinligen ikasle izan zen. Würzburgen koru zuzendari eta Magdeburgon musika zuzendari izan ondoren, Parisa joan zen eta bertan Rienzi (1838-1840) opera bukatu zuen. Handik urtebetera Holandar alderraia opera idatzi zuen, eta 1845. urtean Tannhäuser opera. 1845-1848. urteetan F. Lisztek Lohengrin opera aurkeztu zuen Weimarren, eta handik aurrera etengabe lagundu zion Wagnerri aurrera egiten. 1848-1849. urteetan higikunde iraultzaileetan parte hartu zuen Wagnerrek eta Zurichera ihes egin behar izan zuen. 1858. urtea arte Suitzan bizi izan zen eta konposizioaz eta orkestra zuzendaritzaz arduratzeaz gainera saiakerak idatzi zituen, Opera eta Drama besteak beste. Garai hartakoa da Sigfrido germaniar heroian oinarrituriko opera tetralogia, Nibelungoen eraztuna (1852-1874): Rhin ibaiko urrea; Walkiriak; Sigfrido, eta Jainkoen ilunabarra. Lan honetan ari zelarik, Veneziara eta Luzernara joan zen eta Tristan eta Isolda (1857-1859) idatzi zuen, geroago Hans von Bulöw orkestra zuzendariak aurkeztu zuena. Handik aurrera Bavariako Luis II.aren babesa eta dirulaguntza izan zuen. Geroago, Nurenberg-eko maisu kantariak (1861-1867) eta Parsifal (1877-1882) idatzi zituen, eta aldi berean bere ametsetako opera antzokia eraiki ahal izan zuen Bavariako Bayreuth-en, bere operak behar bezala aurkeztu ahal izateko. Hil ondoren, Cosima, bigarren emaztea, Liszten alaba eta H. von Bülow zuzendariaren emazte ohia, arduratu zen Bayreutheko antzokiaren zuzendaritzaz. v Idazle klasikoak, mitologia eta filosofia landu zituen Wagnerrek, eta bizitza osoan haiekiko zaletasuna erakutsi zuen; ondo ezagutzen zituen bere garaiko pentsalari handienak, eta, besteak beste, Schopenhauerren irakurle eta jarraitzaile, eta Nietszcheren adiskide izan zen. Wagner testuaren eta musikaren erabateko batasuna lortzen saiatu zen, eta, ildo horretatik, “musika-drama” izenaz deitu zituen bere operak. Leitmotiv-aren, pertsonaia eta egoera jakin bat antzemateko edo mugatzeko doinuaren erabilerari esker batasun dramatiko ohargarria lortu zuen. Bestalde, Wagner-en eragina nabaria izan zen beste musikagile askorengan, hala nola A. Bruckner, H. Wolf, G. Mahler, R. Strauss, V. d. I’ndy, A. Schoenberg eta besterengan. Oro har, XIX. mende bukaerako Europako kulturan Wagnerrek izan zuen eragina ukaezina da.