Wain, John
Ingeles poeta eta saiakeragilea (Stoke-on-Trent, Staffordshire, 1925 - 1994). Newcastlen eta Oxfordeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1946-1949 bitartean Oxfordeko St. John´s Collegen aritu zen lanean eta 1949-1955 artean ingeles literaturako eskolak eman zituen Readingeko Unibertsitatean. Gainera, poesia irakasle izan zen Oxfordeko Unibertsitatean, 1978. urtea arte. Bere garaiko ingeles gizartearen kritikari zorrotza izan zen. Bere eleberri ospetsuenean –Hurry on down (1953, Jaitsi berehala)–, eskolan eta etxean jasotako heziketaren arrastorik txikiena gainetik kendu nahi duen gazte aske baten abenturak kontatzen ditu. Beste zenbait lan aipagarri: Living in the present (1955, Oraina bizitzen), The contenders (1958, Lehiatzaileak), A travelling woman (1959, Emakume bidaiaria), Strike the father death (1962, Jo ezazu aita hila), The young visitors (1965, Gazte bisitariak). Kontakizun laburren artean aipagarriak ditu: Nuncle (1960), Death of the hind legs (1966, Atzeko hanken heriotza), A winter in the Hills (1970, Negua muinoetan), The life guard (1971, Soroslea). Poemak: Mixed feelings (1951, Sentimen nahasiak), Weep before God (1961, Negar egin Jainkoaren aurrean), Feng (1975); Saiakera lanak: Interpretations (1955, Interpretazioak), Preliminary essays (1957, Aurretiazko saiakerak); Essays on literature and ideas (1963, Literatura eta ideiei buruzko saiakerak).