Vu Quangeko behia
Behiaren familiako ugaztuna, oraintsu arte ezagutzen ez zena. 1993an aurkitu zen Vietnameko Vu Quang erreserban. Behi mota hau 4.000 km2-ko eremu batean bizi da, Vietnameko erabili gabeko baso gune bakarrean. Vu Quang behiak oso adar luzeak ditu, ia zuzenak; usaimen guruin bana du begien azpian, duikeroak bezala; aurreko haginak luzeak ditu, eta ilearen kolorea gaztain eta arre-gorrixka artekoa izan daiteke; zerrenda zurixka bat du gainera bizkarraldean, isatseraino. 80-90 cm-ko garaiera du bizkarreraino, eta apatx txikiak, behatz kamuts laburrekin. Desagertzeko arriskuan dagoen animalia da, guztira 200 bat baizik ez baitira izango. Behi mota hau aurkitu orduko Vietnameko gobernuak zabaldu egin zuen Vu Quangeko erreserba naturalaren eremua.