Viktor Amadeo IIa
Savoiako dukea 1675-1730. urteetan, Siziliako erregea 1713-1720 bitartean eta Sardiniako erregea 1720. urtetik 1730. urtera, Savoiako Karlos Manuel II.aren seme eta ondorengoa (Turin, 1666 - Rivoli, 1732). 1684. urtean jabetu zen aginpideaz eta kanpo politikagintza malgua bideratu zuen. Aliantza Handiarekin bat eginik, Luis XIV.aren aurka egin zuen Pinerolo berriro eskuratzeko (1698), baina frantsesen aurka Staffardeko (1690) eta Marsalako (1693) guduak galdu ondoren, koalizioa bertan behera utzi eta bakea eskatu zuen. Turingo bakearen ondorioz (1696) berreskuratu zituen Pinerolo eta Cassale eta alaba Maria Adelaida Burgundiako dukearekin ezkonarazi zuen. Espainiako Erregetzarako gerra garaian batu ziren Frantziako erregea eta Victor Amadeo II.a, baina 1703. urtean Turin berreskuratzen lagundu zion austriar erregegaiaren alde jarri zen. Utrecht-eko hitzarmenak Milanaldeko parte bat, Monferrato eta Sizilia eskuratu zituen (Siziliako errege). Sizilia, ordea, austriarren mendeko Sardiniagatik aldatu zuen (1720). Harrezkero Savoiako etxearen mendeko estatuen barne antolakuntzaz arduratu zen. 1730. urtean semearen, Karlos Manuel III.aren, eskuetan utzi zuen aginpidea.