Viktor Emmanuel IIIa
Italiako erregea 1900-1946. urteetan, Humberto I.aren semea eta ondorengoa (Napoli, 1869 - Alexandria, Egipto, 1947). Agintaldiaren hasieratik egoera zail nahasia izan zuen. Legebiltzarraren nahietara mugatu zen eta, beraz, Turkiaren aurkako gerra onartu zuen (1911). Lehen Mundu Gerraren bezperan ere Alemania eta Austria-Hungaria aliatu ohien aurka borrokatzea erabaki zuen. Faxismoaren hazkundeari oztopoak jartzeko gauza ez zela ikusirik 1922. urtean Benito Mussolini faxistaren esku utzi zuen aginpidea. Errejimen faxistaren pean eginkizun sinbolokoa bete zuen erregeak eta 1936an Etiopiako enperadore izendatu zuten. Bigarren Mundu Gerran italiar gudarostea jasaten ari zen hondamendiak neurri gogorrak hartzera behartu zuen: 1943. urtean Mussolini kargutik kendu zuen eta, haren ordez, Pietro Badoglio mariskala izendatu zuen gobernuburu. Hori guztia ez zen erregearen izen ona mantentzeko aski izan eta gerra amaitutakoan Italiaren etorkizuna monarkian ala errepublikan oinarritu erabakitzeko biltzarra egin zen. Hauteskundeen emaitzen beldur, 1946an bere seme Humbertoren alde abdikatu zuen, eta, hauteskundeetako emaitza errepublikaren aldekoa izan zenez, erbestera jo behar izan zuten aita-semeek.