Vitry, Philippe de
Frantses poeta, musikagilea eta teoriagilea (Paris, 1291 - Meaux, Frantzia, 1361). Elizgizona zen, eta politikan eta diplomazian ere aritu zen, sarritan Aita Santuaren gortean. Avignongo Klemente VI.a Aita Santuak Meaux hiriko apezpiku izendatu zuen. Poeta eta musikagile gisa ospe handia izan zuen, eta bere garaiko intelektual nagusietako bat izan zen Frantzian. Historian duen garrantzia, ordea, musikari zor zaio: Ars nova obra idatzi zuen, XIV. mende hasierako frantses musikaren alderdi teorikoei eta musikaren idazkerari buruzkoa, eragin handia izan zuena. Musika lanak, dirudienez oso ugariak, ia guztiak galdu dira.