Viola, Manuel
Espainiar pintorea (Zaragoza, 1916 - El Escorial, Madril, 1987). Hamabost urte bete gabeak zituela Art aldizkarian idazten hasi zen, Kataluniako garai hartako abangoardiazko aldizkari onenetako batean. Garai horretan bere obrak –eta aldizkari horretan argitaratu zituen poemak– surrealismoaren barruan koka daitezke. Espainiako Gerra Zibilean POUM taldearekin borrokatu ondoren, Frantziara erbesteratu zen, Frantziako erresistentziako eta La Main à Plume isilpeko talde surrealistako kide egin zen. 1944tik aurrera margotzeari ekin zion buru-belarri, Frantziako margolaritzaren testuinguruan, surrealismotik abstrakzio espresionistarako bidean, Henri Goetzen eraginpean batez ere. 1949an Espainiara itzuli zen eta 1953an El Paso taldeko gazteek taldeko kide egitea proposatu zioten. Urte haietan sendotu zen bere estiloa: keinukako teknikaren eta argi-ilunen kontrasteen obsesioaren arteko halako nahasketa bat, kolore zuria edo kolore beroak hondo ilun-ilunetan herrestan margotuz. Bere bizitzako azkeneko urteak El Escorialen eman zituen. Bere obra museo askotan dago ikusgai: Reina Sofia (Madril), Bilboko Arte Ederretako Museoa, New Yorkeko Guggenheim Museoa, Liejako Museoa (Belgika), Buenos Airesko Arte Modernoko Museoa, Arte Abstraktuko Museoa (Cuenca), Granadako Arte Ederretako Museoa.