Vigo
Galiziako hego-mendebaleko hiria eta portua, Pontevedrako probintziaren hego-mendebalean, Vigoko itsasadarraren ertzean (Ozeano Atlantikoa). 263.998 biztanle. Aireportua. Arrantza (Espainiako arrantza porturik garrantzitsuenetakoa da), merkataritza (arrantza eta nekazaritza produktuak) eta industria (janari industria, ehungintza, altzairugintza, ontziolak, automobilgintza, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, zurgintza, beiragintza, portzelana, kimika industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira parte zaharreko zenbait monumentu: Santiago eliza gotikoa (Salbatoreren eskultura erromaniko bat gordetzen duena), Santa Maria kolegiata neoklasikoa (1816) eta Udal museoa. v Historia. Erromatarren garaiko Vicus Spacorum da, Bragatik Astorgara bidean zegoena. Herri txikia zen eta 997. urtean Almanzorrek suntsitu zuen. 1170. urtean Fernando II.ak berriro biztanleez osatu zuen eta denbora laburraren buruan Santiagoko artzapezpikutegiaren mende zen. Arrantza portu txikia zen baina 1440. urtetik aurrera, Filipe II.ak bultzatuta, iparraldeko portu nagusi bihurtu zen. Karlos III.ak hobekuntza handiak egin zituen Vigoko portuan eta, horrenbestez, asko hazi zen portuko merkataritza jarduera. 1822-1833. urteetan Pontevedrako probintziako hiriburua izan zen.