Verissimo Serrão, Joaquim
Portugaldar historialaria (Santarem, 1925). Coimbrako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta hamar urtez Portugalgo Kulturaren irakasle izan zen Tolosako Unibertsitatean, Frantzian. 1961ean Lisboako Unibertsitateko Letretako Fakultatean hasi zen eskolak ematen. Bost urtez Portugalgo Kultura Zentroaren zuzendari izan zen, Parisen, eta Endrike Infantearen Institutu Historikoaren zuzendari. 1973tik 1974ra Lisboako Unibertsitateko errektore izan zen, eta 1975ean Portugalgo Historia Akademiaren lehendakari izendatu zuten. Ehundik gora ikerkuntza lan idatzi ditu Portugal, Espainia, Brasil, Europa eta Iberoamerikako historiaz: Portugalgo historia hamabi liburukitan (1962-1990); Portugalgo historiografiaren historia laburra; Portugaldarrak eta Tolosako Unibertsitatea; Unibertsitateen historia; Marcelo Caetano; Portugal munduan; Joan II.aren ibilbidea; Brasil filipinarretik 1640ko Brasilera; Portugal eta Frantziaren arteko harreman historikoak; etab. Ospe handiko historialaria da eta 1995ean Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen, bere ikerkuntza lan zehatz eta argiaren sarigarri.