Verino, Roberto
Espainiar diseinatzaile eta moda enpresaburua (Verin, Ourense). Manuel Roberto Mariño du jaiotza izena. Arte ikasketak egin zituen, Parisen. 1967an jaioterrira itzuli zen, familiaren negozioa bere gain hartzera, eta hiru urteren buruan negozio hura jantziak egiteko lantegi bihurtu zuen. Frantzian Billy Bonnyk diseinatutako lana sartu zuen Espainian, eta emakumearentzako lehen arropa bilduma sortu zuen, Roberto Verinno izenaz, 1982an. Handik urtebetera denda zabaldu zuen Parisen, eta Parisko Emakumearentzako Goi Jantzigintzaren Azokan, Milango Moda Azokan eta Montecarloko Lihoaren Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen. 1984an Kotoiaren Nazioarteko Institutuak bere diseinuetako bat hautatu zuen Jantziaren Museoan erakusgai jartzeko. Hurrengo urteetan salmentak eta esportazioak etengabe handituz joan ziren, bere ospea bezala. Bien bitartean bere markako arropak saltzeko zabaldu zituen El Corte Inglés saltegi handietan, Madrilen eta Ourensen, besteak beste. 1992an bi mila eta bostehun milioi pezeta inguru fakturatu zituen. Urte hartan bere markako lehen perfumea merkaturatu zuen eta Verinen duen enpresa zabaltzeko asmoa iragarri zuen, behar den azpiegitura industriala ez duten moda sortzaileen diseinuak produzitu ahal izateko.