Vercors
(Jaiotza izenaz, Jean Bruller). Frantses idazlea (Paris, 1902 - Paris, 1991). Paris Alemaniako gudarostearen mendean egon zenean ezkutuan idatzi eta argitaratu zuen lehen liburua, La silence de la mer (1942, Itsasoko isiltasuna) kontakizuna, etsaien elkarganatze ezinaz, ospe handia eman ziona eta J. P. Melvillek film bat egiteko erabili zuena. Lehenago, bere benetako izenaz, umorezko marrazkien erakusketak egina zen, eta Vingt et Une Recettes pratiques de mort violente albuma argitaratua zuen (1926). Gerrak dakartzan arazo moralei eta filosofikoei buruz idatzi zuen La marche à l’étoile (1943), Les Armes de la nuit (1946) eta La Puissance du jour (1951) liburuetan. Gerra ondoren Le Sable du temps (1945) eta Plus ou moins homme (1949) saiakerak idatzi zituen eta, 1952an idatzitako Les animaux dénaturés alegia fantastikoan oinarri hartuta, komedia bat moldatu zuen, Zoo ou l’Assassin philantrope (1963) izenburupean antzeztu zena. Beste liburu batzuk ere baditu: Sur ce rivage (3 liburu; 1961); Le radeau de la méduse (1969); Comme un frère (1973); Un amour de jeunesse (1974); Bizitzari buruzko galderak jaun biologei eginak (1973) saiakera, gizakiaren patua duena gaitzat.