Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Veracruz

Mexikoko erdi-ekialdeko estatua, Mexikoko golkoaren ertzean. Mugak: iparraldean, Tamaulipaseko estatua; ekialdean, Mexikoko golkoa; hego-ekialdean, Tabasco eta Chiapas; hego-mendebalean, Oaxaca; mendebalean, Puebla, Hidalgo eta San Luis Potosi. 72. 815 km2 eta 6.215.142 biztanle (1990). Hiriburua: Jalapa. Mexikoko golkoko kostaldeko ordokiak hartzen du lurralde gehiena, baina oso mendi garaiak ditu erdialdeko mendebalean (Orizaba, 5.700 m). Klima tropikal hezea du (20-25 °C). Mexikoko estaturik jendetsuena da. Nekazaritza (azukre kanabera, arroza, artoa, fruitu arbolak, lekadunak, tabakoa, kafea, kotoia), abere hazkuntza, arrantza eta, batez ere, industria (petrolio findegiak, arrain kontserba, basogintza, kimika industria, altzairugintza, metalurgia, ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Arkeologia aztarnategiak (El Tajin). Espainiar konkistatzaileak iritsi zirenean lurraldeko jatorrizko biztanleak, totonekak eta huastekak, azteken mendean bizi ziren. Independentziako gerraren ondoren, 1824an, estatu bihurtu zen.