Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verdun

Frantziako iparraldeko suprefetura hiria, Mosako departamenduan (Lorraine). Mosa ibaia hiriaren erditik igarotzen da. 26.927 biztanle. Ekonomia: ehungintza, gozogintza, inprimategia, altzariak eta beste zenbait industria. Lehen Mundu Gerran suntsitua izan zen. Monumentuei dagokionez, aipagarriak dira XI. mendeko katedrala (XII. mendeko atea, kripta erromanikoa eta klaustro gotikoa dituena), XIV. mendeko Chaussée atea eta apezpikuaren etxea (XVIII. m.) besteak beste. 1648. urteaz gero, Metz eta Toul hiriekin batera, Frantziaren mendean geratu zen. Prusiarrek hartu zuten 1792 eta 1860. urteetan. v Verdungo gudua. Lehen Mundu Gerran (1916-1917) Alemaniako eta Frantziako gudarosteek Verdungo iparraldean, Mosa ibaiaren bi ertzetan, egin zituzten guduei ematen zaien izena. Alemaniarren erasoen eta frantsesen kontraerasoen ondoren, Frantziako gudarosteek, Pétain-en gidaritzapean, herria alemaniarren setiotik askatzea lortu zuten. Gudu horietan 350.000 frantses eta 280.000 alemaniar hil edo zauritu ziren.  v  Verdungo hitzarmena. Inperio karolingioaren ondorengotza eskuratzeagatik Ludovicoren semeen artean izan ziren gerren amaiera ekarri zuen ituna. Hitzarmenak, 843. urteko abuztuaren 10ean egina, inperioaren zatiketa ekarri zuen, nahiz eta izenez batasuna gorde zuen: Lotariok enperadore titulua eta Italia, Proventza eta Lotaringia eskuratu zituen, Karlos Burusoilak Frantziako parte handi bat eta Hispaniako Marka, eta Luis Germaniarrak Lotaringiatik ekialdera zeuden Germaniako lurraldeak.