Venturi, Robert
Estatubatuar arkitekto eta irakaslea (Filadelfia, Pennsylvania, 1924). XX. mendeko teorialari eraginkorrenetako bat. 1960ko hamarraldian hartu zuen ospea, higikunde modernoaren ortodoxiaren kritika hasi zuenean, 1970eko hamarraldiko postmodernismoari bide emanez. "Arkitektura konplexua eta bere kontraesanak onartuko dituena" aldarrikatzen zuen. Higikunde modernoaren soiltasuna baztertu zuen, eta historizismoaren, erantsitako apainduraren eta arkitektura diseinuaren sinbolismo erabatekoaren itzulera bultzatu zuen. Princetoneko Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1947), eta zenbait estudiotan aritu zen gero. Irabazi zuen sari bati esker Erromako Akademia Estatubatuarrean ikasi ahal izan zuen zenbait urtean. 1964an bere estudioa zabaldu zuen, John Rauchekin. Lehenengo eraikuntzen artean aipagarria da amarentzat diseinatu zuen Vanna Venturi etxea (Chesnut, Pennsylvania, 1959-1963), eta Guild zahar etxea (Filadelfia, 1961-1965). Bere eraikuntzak itxura soilekoak, plano konplexukoak eta aipamen historiko ugarikoak dira, garai hartako arkitektura funtzionalistari kontrajarriak. Bere eraikuntzekin ez ezik Venturik eztabaida sortu zuen arkitekturaren formaz eta esanahiaz Konpexutasuna eta kontraesana arkitekturan (1966) liburuan agerturiko iritziengatik. 1967an Denise Scott Brown urbanista eta arkitektoarekin ezkondu zen, eta harrezkero elkarrekin aritu ziren irakaskuntzan, ikerkuntzan, eta arkitekto lanean. Steven Izenourrekin batera Las Vegastik ikasten idatzi zuten (1972), herri kulturaren, bertako eraikuntza komertzialen eta garraiobideen ondoan eraikitzearen garrantzia aldarrikatuz. Venturi, Rauch eta Scott Brownen estudioak –Venturi, Scott Brown eta elkartuak deitua gero– 1970-1990 bitarteko eraikuntza garrantzitsu batzuk proiektatu zituen, adibidez Franklin Court (Filadelfia, 1972-1976), Arte Museoaren zabaltze lana (Oberlin, Ohio, 1973-1976), Princetoneko Unibertsitateko Gordun Vu Hall (1980-1983), National Galleryko Sainsburg hegala (Londres, 1986-1991). Sari eta domina asko irabazi ditu, 1991ko Pritzker saria –Arkitekturako Nobel saritzat hartua–, besteak beste.