Vaughan, Sarah
Estatu Batuetako jazz kantaria eta piano-jotzailea (Newark, New Jersey, 1924 - Los Angeles, 1990). 1940. urte aldera bebop-jazzaren inguruan bere ahots miragarri eta aberatsarekin eginiko kontzertu eta diskoek ezagutarazi zuten mundu osoan. 1943an Earl Hinesen taldean hasi zen kantari eta bigarren piano-jotzaile gisa. 1944an lehen diskoa grabatu zuen, Billy Eckstine kantariak Hinesen taldea berriro antolatu ondoren. 1945etik aurrera bakarlari gisa aritu zen, eta 1951. urtetik aurrera oso ezagun egin zen Estatu Batuetan eta Europan. Geroago, Hego Ameriketan eta Sortaldean abestu zuen. Garai hartan disko asko grabatu zituen. Vaughan trebea izan da kantuak bat-batean aldatu eta doinu berezi batez abesten.