Vanderbeek, Stan
Estatu Batuetako zinemagilea (New York, 1933 - Columbia, 1984). 1950etik aurrerako urteetan abangoardiako zinemagilerik garrantzitsuenetako bat izan zen; ikus-entzunezkoen alor guztiak landu zituen, eta haien aitzindaria izan zen. Bere film gehienetan marrazki bizien eran moldatutako grafismoa, artxiboko materialak eta collage-ak nahastu zituen. 1961ean idatzitako artikulu batean “underground” hitza erabili zuen, berak eta bere kideek egiten zuten zinema mota izendatzeko. 1966an zenbait film egin zituen ordenadore bidez, Poemfields izenburupean, makinan sartutako testuak erritmoz eta irudi gisa landuz. 1965ean Moviedrome zinema aretoa sortu zuen. Film batzuk: Makinda (1957), Breathdeath (1964), Symmetricks (1972), Dreaming (1980), After Laugther (1982).