Vangelis
(Jaiotza izena, Evangelos Papathanassiou). Greziar musikaria (Valos, 1943). Gazte-gaztetatik teklatu-jotzaile gisa nabarmendu zen eta kontzertuak eman zituen. Hirurogeiko hamarraldiaren hasieran Formynx taldean jo zuen. Geroxeago, Demis Roussos kantariarekin eta Lucas Sideras bateria-jotzailearekin batera Aphrodite's Child taldea eratu zuen eta ospe handia lortu zuten Grezian ez ezik mugaz kanpo ere. 1968an, koronelen estatu kolpeaz gero, hirukotea Frantziara erbesteratu zen. Talde horren disko aipagarrienak: Rain And Tears (1968), Aphrodite´s Child; It´s Five O´clock; 666 (1972). Vangelisek 1972an hasi zuen bere bakarkako lana, Aphrodite's Child desegin baino lehen, Dragon izeneko disko batekin, 1970. urtean. 1972an L´Apocalypse Des Animaux (Animalien apokalipsia) filmeko soinu bandarako musika grabatu zuen, eta harrezkero film, antzerki lan eta balleterako musika egiten hasi zen. Urtebete geroago Londresa joan zen, eta Nemo estudioak zabaldu zituen, sintetizadore eta teklatuetan espezializaturik. 1976an Heaven And Hell diskoa argitaratu zuen, eta beste film baterako musika ere bai: La Fete Sauvage. Disko hartan Yes taldeko kantari Jon Andersonek hartu zuen parte. Hurrengo urteetan Albedo 0.39 (1976), Spiral (1977) eta Beaubourg (1978) argitaratu zituen. 1980an Jon Andersonekin elkartu zen ostera, "I Hear You Now" kanturako eta Short Stories diskorako, arrakasta handiz, gainera. 1981ean Chariots of Fire filmaren soinu banda Ingalaterrako zerrendetako bosgarren tokira iritsi zen, eta urte horretan bertan postu berera iritsi zen "The Friends Of Mr. Cairo" kantuarekin. 1982an Chariots of Fire diskoak lehen postua lortu zuen Estatu Batuetako zerrendetan hilabetez, musikako Oscar saria irabazi zuen eta milioitik gora ale saldu zituen Estatu Batuetan. Urte horretan bertan Blade Runner filmerako musika idatzi zuen. 1983an, Jon Andersonekin batera, Private Collection argitaratu zuen, eta The Best Of Jon And Vangelis, 1984an, bien arteko elkarlanaren amaiera gisa. Gero bakarkako lan bat egin zuen, Soil Activities, eta 1988an zuzeneko disko bat, Direct, Vangelis. Laurogeita hamarreko hamarraldian The City (1990), 1492: Conquest of Paradise (1992) filmerako soinu banda, Voices (1995, Ahotsak), A Tribute To El Greco (1995), eta Oceanic (1996) ditu lanik aipagarrienak.