Vanel, Charles
Frantses aktorea (Rennes, 1892 - 1989). Itsas eskolan hasi zen, baina ikusmenean zuen akats bat zela-eta ezin izan zen marinel hasi. Hamabi urte zituela, Parisen, Montparnasse Antzokira joaten hasi zen eta ohartu zen antzezle izan nahi zuela. 1908an figurante gisa egin zuen debuta Hamlet-en, eta 1911n kafetegi bateko mutiko baten papera egin zuen Jim Crow filmean. Gerraren ondoren Firmin Gémier-en taldean sartu zen, Antoine Antzokian, eta 1922an zinemara itzuli zen Robert Boudrioz-en L'Âtre (Sutondoa) filmarekin. Hura izan zen garrantzizko lehenengo lana zineman eta harrezkero ez zuen mundu hori utzi. Bere filmografiak berrogei titulu inguru biltzen ditu zinema mutuan, eta ehun eta hogei zinema soinudunaren hasieratik azken filma egin zuen arte, Les Saisons du plaisir (1987, Atseginaren urtaroak). Zineman batez ere gizon zintzo, hiritar onaren paperak egin zituen. Aipagarriak ditu: Les Misérables (1933, Miserableak), Grand jeu (1934, Joko nagusia), L'Équipage (1935, Ekipajea), Les Pirates du rail (1938, Burdinbideko piratak), La Loi du Nord (1940, Iparraldeko Legea), Le ciel est à vous (1943, Zerua zuena da), Salaire de la peur (1952, Izuaren soldata), L'Aîné des Ferchaux (1962, Ferchaux-tarren zaharrena). Vanel bitan saiatu zen zuzendaritza lanetan, Dans la nuit (1930, Gauean) eta Affaire classée (1931, Zeregin amaitua).