Vainberg, Moissei Samuilavitx edo Mieczysiaw
Poloniar musikagilea (Varsovia, 1919 - Mosku, 1996). Aita musikagilea eta biolin-jotzailea zuen. Hamabi urte zituela, Turczunskiren piano eskoletan onartu zuten Varsoviako Kontserbatorioan. Ikasketen diploma 1939an lortu zuen. Alemaniarren inbasioaren ondorioz, Errusiara ihes egin behar izan zuen, eta Minsken ezkutatu zen. Han Vassili Andreievitx Zolotareven konposizio eskolak hartu zituen bi urtez. Vainbergen familia Varsovian gelditu zen eta naziek akabatu egin zituzten. Alemaniarren SESBen kontrako erasoaren ondorioz, ekialderantz ihes egin behar izan zuen berriro, eta Uzbekistanera iritsi zen, Tashkentera hain zuzen. 1942an hemeretzi sinfonietatik lehena idatzi zuen eta Shostakovitxi bidali zion kopia bat; hark Moskura joateko eskatu zion, berarekin lan egiteko. Maisua eta ikaslea adiskide bihurtu ziren, eta noizean behin elkarrekin jotzen zuten pianoa. Adiskidetasun hori lagungarri izan zitzaion Vainbergi sobietar buruzagien erasoen aurrean. SESBeko judu antzezle handienaren (Solomon Michoels, Vovsi deitua) alabarekin ezkondu zen. Aitaginarreba hil egin zuten Stalinen aginduz 1948an, eta ondoren, emaztea hil zuten, Miron Vovsi, blusa zurien konplotean parte hartu zuen medikuaren iloba zelako. Vainberg espetxera eraman zuten eta Shostakovitxen laguntzari esker 1953an askatu zuten. Hainbat adiskidek eskakizun ofizialak egin zizkioten eta Moskuko musika inguruetan sartzen lagundu zioten. Vainbergek hainbat partitura idatzi zituen tresnterako, bakarlarientzako eta musikagileentzako, buruzagien babesa izan zutenak. 1980an haren lanen zerrenda bat argitaratu zen, baina argitalpen horretan hainbat hutsune daude. Hemeretzi sinfonia idatzi zituen, koherentzia eta batasun handikoak. Ganberako musika ere aipagarria du, batez ere harizko tresnetarako laukoteak. 1965-1970 urteen bitartean garai hartako vedette-entzako kontzertuak idatzi zituen, eta baita biolontxelo, biolin, txirula, tronpeta eta klarineterako obrak ere.
- Vagnorius, Gediminas
- Vah
- Vaihinger, Hans
- Vailland, Roger
- Vaillant, Édouard-Marie
- Vainberg, Moissei Samuilavitx edo Mieczysiaw
- Vairocana
- Vajda, Ladislao
- Vajiravudh
- vajra
- Vajrayana