Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Utah

Estatu Batuetako mendebal-erdialdeko estatua, Rocky Mountains mendialdea hartzen duena. Mugak: iparraldean, Idaho eta Wyoming; ekialdean, Colorado; mendebalean, Nevada; hegoaldean, Arizona. 219.889 km2 eta 1.776.000 biztanle. Hiriburua, Salt Lake City.  v Orografia. Iparraldean, Wyoming-eko estatuarekin muga egiten duen eremuan, Uinta mendiak daude (Kings Peak, 4.114 m); Wasatch mendiak, iparraldetik hegoaldera, (Timpanogos, 3.660 m), eta mendebalean ordoki zabala hedatzen da, Great Basin deitua (bertan daude Great Salt Lake aintzira eta Great Salt Lake Desert basamortua). Gainerakoa, lurraldearen erdia baino gehiago, Colorado ibaiaren arroak hartzen du. Hegoaldean eta hego-ekialdean ere mendi handiak daude: Delano Peak (3.730 m), Mount Ellen (3.487 m) eta Mount Peale (3.989 m). Ekialdetik mendebalera Colorado, Green (aurrekoaren adarra), Price (Green ibaiaren adarra) eta Sevier dira ibai garrantzitsuenak. Lurralde lehorra da oro har baina hego-mendebaleko eremuan klima tropikala da nagusi. v Biztanleak. Iparraldeko Ogden hiritik Provo hiria bitarteko lur eremuan bizi dira estatu honetako biztanle gehienak. 1970-1980. urteetan % 38 ugaldu zen biztanleria (Estatu Batuetako epe horretako batez besteko demografia hazkundea baino hiru bider handiagoa). Biztanleen % 1 indiarrak dira, % 4 hispaniarrak eta gainerakoak ingeles jatorrikoak. Erlijioari dagokionez, mormoiak dira biztanleen bi herenak. v Ekonomia. Nekazaritza (garia, garagarra, artoa), meen ustiaketa (kobrea, berilioa, urrea, zilarra, uranioa, molibdenoa, beruna, ikatza, petrolioa) eta industria (janari industria, garraiorako tresneria, konputagailuak eta ordenadoreak, metalurgia, kimika industria, petrolio findegiak) eta merkataritza dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. XVIII. mendean espainiar konkistatzaileak iritsi zirenean Shoshone indiarrak bizi ziren lurraldean. 1821. urtean Mexikoko erresumaren barne zegoen eta 1848. urtean Estatu Batuetako kide egin zen, mormoiak bertan egokitu eta urtebetera alegia.