Ullate, Víctor
Espainiar dantzaria eta koregrafoa (Zaragoza, 1947). Ballet klasikoko ikasketak egin zituen, Zaragozan. 1961-1965 bitartean Antonioren konpainiarekin aritu zen Europako zenbait hiritan dantza emanaldiak eskaintzen, hainbat maisurekin ballet ikasketak sakontzen zituen bitartean. 1966. urtetik aurrera XX. mendeko balleta konpainian aritu zen, eta 1978an Espainiako Ballet Klasiko Nazionalaren zuzendaritza hartu zuen bere emazte Carmen Rocherekin batera, dantzaria eta irakaslea hura ere. 1983. urtea arte talde horretako zuzendari artistiko gisa aritu zen eta gero bere eskola eta konpainia sortu zuen. 1989an Dantzaren Sari Nazionala eman zioten. Dantzari bakarlari eta lehen dantzari gisa, M. Béjarten koreografiak interpretatu ditu batez ere: Romeo eta Julieta; Ez lore ez koroa; Koreografia eskaintza. Halaber, paper nagusiak jokatu ditu hainbat eta hainbat ballet klasikotan: Beltxargen aintzira; Loti ederra. Koreografo gisa egin dituen lanen artean aipagarriak dira, besteak beste Sentimenduak, Fernando Sor-ena; Egunsentia, Mendelssohnena; Sustraitzea, J. Massorena; Psikosia, B. Hermanena; Madrildik zerura, F. Chuecarena.