Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ullman, Liv

Norvegiar antzezlea (Tokio, 1939). Ingmar Bergman suediar zuzendariarekin egindako lanarengatik da batez ere ezaguna. Aita, ingeniari aeronautikoa Tokion, hil zenean, Norvegiara itzuli zen eta han egin zituen ikasketak. Gero antzerki ikasketak egin zituen Londresen. Bere herrira itzuli zenean, Norvegiako antzerki eta zinema antzezle nagusietako bat izatea iritsi zen. Haren ospea handituz joan zen Ingmar Bergman ezagutuz geroztik. Bergmanek Pertsona (1966) filma egiteko deitu zuen lehen aldiz, Bibi Anderssonekin batera. Antzezlan bikaina egin zuen eta harrezkero Bergmanekin lan egiten jarraitu zuen haren film nagusietako batzuetan. Max von Sydow antzezlearekin batera aritu zen, adibidez, Otsoaren ordua (1967) eta Irrika (1970) filmetan, Bergmanen zuzendaritzapean biak. 1970eko hamarraldiaren hasieran Hollywoodera joan zen, ikusle gehiago erakartzeko esperantzan, baina ez zuen zorte handirik izan han egin zituen filmekin, desegokiak baitziren bere talenturako. Ullman egoera fisiko eta espiritual muturrekoak adierazteko gaitasunagatik nabarmendu da batez ere, gehiegizko imintzio melodramatiko edo historikoetan erori gabe. Bere lanbideaz gainera, giza arazoez arduratu da. 1981ean UNICEFeko enbaxadore izendatu zuten.