Txekhov, Anton Pavlovitx
Errusiar idazlea (Tanganrog, 1860 - Badenweiler, 1904). Familia behartsu batean jaio zen. 1879an Moskura joan zen medikuntza ikasketak egitera. Umorezko aldizkarietan ipuinak argitaratzen hasi zen bere familiari laguntzeko. Geroztik literatura izan zuen bizibide, noizean behin, izurriteetan eta, mediku gisa lan egin bazuen ere. 1890ean Sakhalin uharte-presondegira joan zen bertakoei laguntzera eta itzulitakoan eleberri bat argitaratu zuen: Sakhalin uhartea. 1895ean Tolstoi ezagutu zuen. 1900ean Errusiako Zientzia Akademiako kide izendatu zuten, baina bi urteren buruan kargua utzi zuen Gorki erakundetik bota izanagatik protesta egiteko. Tuberkulosiak jota zegoen eta Errusia eta Europa osoan barrena ibili zen bere gaitza sendatu nahian. 1901ean Olga L. Knipper Moskuko Arte Antzerki taldeko antzezlearekin ezkondu zen. v Ipuinak. Txekhoven ipuinak berdintsuak dira gaiz eta estiloz, ia ekintzarik eta intrigarik gabekoak, umorezkoak gehienak, Errusiako burgesia deskribatzen dutenak, neurritasun handiz eta artifizialkeriari uko eginez idatziak. Melpomeneko ipuinak (1884), hasierako ipuinen bilduma, Kontakizun nabarrak (1886), Ilunabarrean (1887), Estepa (1888), 6. pabiloia (1892), Dueloa (1892), Nire bizitzaren historia (1895), Laborariak (1897), Ezezagun baten kontakizuna (1898), Andrea txakurtxoarekin (1898). Xabier Mendiguren Bereziartuk Txekhoven ipuin bilduma bat euskaratua du. v Antzerki lanak. Haren antzerki lanak Stanislavskiren Arte Teatroaren sorrerari oso lotuak daude. Garai hartako errusiar gizartearen ispilu dira eta haustura handia ekarri zuten ordu arteko antzerkigintzarekiko; isilunez eta iradokizunez betetako lanak dira, xehetasun psikologiko handikoak eta giroari gertaerari baino garrantzia handiagoa ematen diotenak. Txekhov antzerkiaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bat da. Antxeta (1895), Osaba Vania (1899), Hiru ahizpak (1901), Gereziondoen lorategia (1904).