Txe-Kiang
edo Txo-Kiang edo Zhejiang. Txinako ekialdeko probintzia, Ekialdeko Txinako itsasoaren ertzean, Hang-txouko badiaren hegoaldean. 102.000 km2 ditu (Txinako bigarren probintziarik txikiena) eta 41.500.000 biztanle. Hiriburua, Hang-txou. Hiri nagusiak: Wen-txeu eta Ning-po. Yangtze ibaiaren haranak hartzen du probintziaren iparraldea, baina, oro har, lurralde menditsua da. Itsasertza zelaia da eta uharte txiki ugari daude kostatik hurbil. Klima subtropikal hezea da eta udan eta udazkenean maiz izaten dira tifoiak, ondorioz uholdeak gertatzen direla. Biztanleen laurdena hirietan bizi da. Txe-Kiang Txinako probintziarik oparoenetakoa da. Nekazaritza (arroza, kotoia, artoa, patatak, zeta, tea, laboreak, azukre kanabera, tabakoa; zerri eta behi aziendak), industria (altzairugintza, nekazaritzako makineria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ehungintza, kimika industria, janari industria, zurgintza), arrantza eta lurpeko aberastasunen ustiaketa dira ekonomia jarduera nagusiak.