txeiene
izond. eta iz. Etnogr. Ipar Ameriketako algonkindar taldeko herri bateko kidea. XX. mendearen amaieran txeieneak 6.000 inguru dira, Montana eta Oklahoma estatuetako erreserbetan daudenak. v XVIII. mendearen aurretik oraingo Minnesota estatuko lurraldean bizi ziren. XVIII. mendean mendebalera jo zuten, zaldiak bezatzen ikasi zuten eta geroz eta gehiago bufaloaren ehizaren mende gertatzen hasi ziren. Missouri ibaiaren ertzetan finkaturiko herrisketan laborantza egiten zuten, ehizarekin eta bilketarekin batean. Txeieneak ordokietako indiarrak ziren; XIX. mendean Platte eta Arkansas ibaien artean bizi ziren. Siuxen erasoek eta biruela izurriek hilketa izugarriak eragin zituen, eta nomaden bizitza harrarazi, eta beti eta mendebalerago –Black Hills aldera– joatera behartu. XIX. mendean Platte eta Arkansas ibaien arteko lurraldeetan bizi ziren. Garai hartan 10 talde nagusitan banatuak ziren, aginpidea 44 buruzagik osatzen zuten batzarraren esku zegoela. 1840 arte kiowa tribuarekin etengabeko gerran bizi ziren. 1857tik 1879ra kolono zurien oldarraren aurka borrokatu ziren eta siuxekin eta arapahoekin batera Custer jenerala hilik gertatu zen Little Bighorn-eko guduan (1876) esku hartu zuten.