Tuva
Errusiako erdi-hegoaldeko errepublika autonomoa, Ienisei ibaiaren goi-arroa hartzen duena, mendebaleko Saiian mendien eta Tuva mendien artean, Mongoliarekin muga egiten duena. 170.500 km2 ditu eta 290.000 biztanle (tuvatarrak hiru-bosten eta errusiarrak gainerakoak). Hiriburua, Kizil. Tuva edo tuba turkiar dialektoan mintzo dira tuvatarrak. Nekazaritza eremuetan bizi dira biztanleen erditik gora. Laborantza (garia, garagarra), abere hazkuntza (behi azienda) eta lurpeko aberastasunen ustiatzea (ikatz eta kobalto hobi oparoak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria ez da aurreratua eta hiri garrantzitsuenetan baizik ez dago (janari industria, zurgintza, eraikuntzarako gaiak). v Historia. 1757-1911 urteetan Txinako erresumaren mende egon zen. 1911. urtean Errusiako tsarrak Tuvako burujabetasunaren aldeko higikundea bultzatu zuen eta hiru urte geroago Errusiaren babespean zegoen Tuva. 1921. urtean Tuvaren burujabetasuna aldarrikatu zuten baina 1944an Errusiak bere egin zuen eta 1961ean errepublia autonomo bihurtu zen.