Tutuola, Amos
Nigeriar idazlea (Abeokuta, 1920 - Ibadan, Oyo, 1997). Denbora labur batez joan zen eskolara. Gaztetan kobrearen galdaketan lan egin zuen, Laosko gobernuaren zerbitzura, eta gero Nigeria Irratiaren biltegi batean zaindari aritu zen, Ibadanen. Bigarren Mundu Gerran, Britainia Handiko Aire Armandan jardun zuen. 1952an, Nigeria Britainia Handiaren kolonia zela, Palma ardoaren edalea eleberria argitaratu zuen, jende askoren arreta erakarri zuena bere fantasia eta originaltasunagatik. Nigeriar literatura, poesia eta haur ipuinen halako nahasketa bat da, palma ardoa zerbitzatzen zion pertsona hil zenean, hura aurkitzeko hamaika proba gainditu behar dituen heroi mitiko baten gorabeherak kontatzen dituena. Eleberri haren ondoren, beste zenbait obra idatzi zituen: Nire bizitza espirituen basoan (1954); Simbi eta oihan beltzeko satiroa (1955); Afrikar ehiztari adoretsua (1958); Urrutiko hiriko sorgina (1962). Tutuola herri kontakizunetan oinarritzen da bere narrazioak sortzeko: ahozko tradizioa afrikar kulturen historiaren barruan topatzen da literaturarekin. Magiaren goraipamenak eta mitoaren tratamenduak halako freskotasun eta originaltasun berezi bat ematen diote, gainera. Tutuolaren obra yoruba hizkuntzan eta ingelesez idatzia dago. Bere herri eta etnia kide Wole Soyinka idazlearen arabera –1986ko Literaturako Nobel Saria–, Amos Tutuolaren obra Afrikako kulturak XX. mendeko literaturari eginiko ekarpenik handienetako bat da.