Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tuzidides

Greziako historialaria (Alimonte, Atika, K.a. 460 inguruan – 395 inguruan). Traziako aristokraziako familia batean sortua zen; Anaxagoras izan bide zuen irakasle eta Gorgias eta Antifon sofistak ezagutu zituela uste da. Haren bizitzaz datu seguru gutxi ezagutzen da. 429 inguruan izurriak jota gertatu zen. 424an Traziako kostaldearen defentsarako estratega hautatu zuten; Anfipolis hiria Brasidas jeneral lazedemoniarraren esku utzi behar izan zuen, ordea. Saldukeriaren salaketapean epaitu zuten, agidanez, eta epaiari ihes egitearren Traziara alde egin zuen, han bere familiak urre meategiak ustiatzen baitzituen. 404an itzuli zen, Lisandrok emandako amnistiaren ondorioz eta urte batzuen buruan hil zen, etsai politikoek hilda agian. Hogei urte horietan Sizilian, Italian eta Peloponeson zehar bidaiatu zuen bere historia lanerako materiala bilduz. v Peloponesoko gerraren historia. Antzinateko historia aipagarriena da. Izena bera eta egitura –zortzi liburutan zatitua– ez dira egilearenak, geroztik ezarriak baizik. Tuzididesen historiak greziar munduko bi herrialde indartsuenen gerratea hartzen du, borroken hasieratik (431) Laurehunen aginpidea erori artekoa (411). Dokumentazioaren ugaria eta testuaren objetibotasuna, zehaztasuna eta zorroztasuna direla eta, Tuzidides greziar historialari garrantzitsuena da. Haren historian gertaerak logika eta kausa guztiz naturalek eraginak dira, haietan jainkoek esku hartzerik ez dutela. Haren idazkera soila da, kontakizunari egokitua, gertakarien zentzua ulertarazten saiatzen dena. Tuzididesen obrak mendebaleko pentsamendu historikoa markatu zuen eta haren eragina nabarmena da antzinateko beste zenbait historialariren lanetan: Xenofonte, Polibio, Salustio, Tazito.