Turkmenistan
(Izen ofiziala, Turkemistango Errepublika; Turkmenieraz, Türkmenistan Jumhuriyäti). Asiako erdialdeko errepublika. 488.100 km2 eta 5.179.571 biztanle (2008, turkmenistandarrak). Mugak: iparraldean, Kazakhstan eta Uzbekistan; ekialdean, Uzbekistan; hego-ekialdean, Afganistan; hegoaldean, Iran; mendebaldean, Kaspiar Itsasoa. Hiriburua: Ashgabat (416.000 biztanle, ashgabatarrak). Hizkuntza: turkmeniera. Etniak: turkmeniarrak % 77; uzbekoak % 9,2; errusiarrak % 6,7; kazakh-ak % 2; besteak % 5,1: Erlijioa: musulmanak % 89 (sunniak); sortaldetar ortodoxoak % 9. Dirua: manat-a. ■ Lurraldea. Turkmenistan Asiako Erdialdeko hego-mendebaldean dago: Ustiur mendilerroa (iparraldean), Amu Daria ibaia (ekialdean), Kopetdag eta Paropamiz mendilerroa (hegoaldean) eta Kaspiar Itsasoaren (mendebaldean) artean. Lurralde laua da, idorra; eskualde nagusia (lurraldearen % 80) Karakum basamortua da. Areazko goi-ordokiek lurraldearen % 90 hartzen dute. Hego-mendebaldean, Kopetdag eta Paropamiz mendiak daude. Kaspiar Itsasoaren ekialdeko ertzean Balgan mendiak daude. Amu-Daria ibaiak ekialdetik mendebaldera igarotzen du lurraldea. Karakum ubidearen bidez, Murgab eta Tedzhen ureztapen sistemetara desbideratzen da ibaiko ura, Mary eta Ashgabat inguruko oasiak ureztatzeko. Mea baliabide aberatsak ditu, gas naturalaz eta petrolioaz gainera. ■ Biztanleak. Turkmenistan Asiako erdialeko errepublika sobietar ohietatik gutxien jendeztatuena da. Herriak eta hiriak ibai eta kanalen ondoan daude. Ashgabat da hiriburua eta hiri nagusia. Horretaz gainera, Chardzhou (166.000 biztanle), Dashhowuz (114.000 biztanle), Mary (95.000 biztanle) eta Nebitdag (89.100 biztanle) dira hiri nagusiak. Asiako erdialdeko errepublika sobietar ohietatik urbanoena den arren, biztanleriaren erdia baino gehiago herrietan bizi da. XX. mendearen azkeneko urteetan biztanleria % 2,3 handitzen ari zen urtero, jaiotza tasa % 3,6koa zen, eta bizi itxaropena 65 urtekoa. Asiako erdialdeko errepublika sobietar ohien artean etnia homogeneotasun handienetakoa du Turkmenistanek. Turkmeniarrak dira, alde handiz, gizatalde nagusia. Bigarren eta hirugarren talde nagusiak uzbekoak eta errusiarrak dira, eta horiez gainera kazakhak, tartariarrak, ukrainarrak, azeriak eta armeniarrak daude. Sobietar errepublika ohi gehienetan ez bezala, Turkmenistanen gutxiengoek ez dute emigratu, gobernuak etnien arteko adiskidantza bultzatu duelako. ■ Ekonomia. Turkmenistango ekonomiaren sektore nagusia nekazaritza da. Barne produktu gordinaren eta enpleguaren % 40 hartzen ditu. Nekazaritzaren produkzioaren heren bat kotoiari dagokio. Kotoiaz gainera, garia, frutak eta zeta dira gehien egiten diren gaiak. Abere hazkuntzak ere garrantzi handia du, batez ere karakul ardiak, zaldi eta gamelu hazkuntzak. Industriak enplegu osoaren % 11 eta barne produktu gordinaren % 20 hartzen ditu. Mea eta energia baliabideen ustiapena dira industria jarduera nagusiak. Mea baliabide aberatsak ditu, petrolio eta gas erreserba handiak, eta baita sulfuroa, gatza, ikatza eta kobrea ere. Esportazioei dagokienez, batez ere gai energetikoak (gas naturala batik bat) esportatzen ditu (esportazioen % 60). Turkmenistango gobernuak zenbait proiektu prestatu ditu gas naturala bilatu, ekoiztu eta esportatzeko. Proiektu horietako bat da olioduktu bat egitea Txinako kostaraino (6.700 km), Japoniaren parean. Beste langintza aipagarri batzuk janari industria eta ehunen eta alfonbren eskulagintza dira. SESB desegiteak eta sobietar errepublika ohiekin merkataritza harremanak hautsi izanak eragin handia izan zuen Turkmenistango ekonomian. 1991n barne produktu gordina % 0,6 jaitsi zen, eta 1992an % 18. Beheradaka handi horren arrazoietako bat sobietar errepublika ohiek –bezero nagusiak– inportatutako gas naturala ordaindu ez izana da. Izan ere, Turkmenistango gobernua gas naturala munduko merkatu prezioen arabera kobratzen hasi zenean, Ukrainak kolpetik igo zuen pasabide zerga, eta uko egin zion Turkmenistango gasa beste herrialde batzuetara banatzeari. Dena dela, merkatuaren erreformak eragin duen desegituraketa ekonomikoa ez da oso handia izan, gobernuak ez baitu askorik aldatu sobietar garaiko egitura; jarduera ekonomiko gehiena estatuaren kontrolpean dago oraindik. Hala ere, 1994an, erreforma ekonomikorako programa bat iragarri zen, eta hurrengo urtean estatuaren mendeko zerbitzu industria txikia salgai jarri zen osorik. Lurra pribatizatzeko lege bat ere onartu zen, baina ez du eragin handirik izan jabetza moduetan. 1993an, Turkmenistanek bere dirua (manata) merkaturatu zuen, errusiar errubloaren ordez. ■ Historia. 1924an, Turkmenistango Sobietar Errepublika Sozialista eratu zen, Sobietar Batasunaren barruan. Ordu arte, Tukrmenistanek ez zuen sekula izan, ezta izenez ere, batasun politikorik nazio gisa. Gizartea tributan antolatua zegoen, eta biztanle gehienak nomadak ziren. Industrializazioa eta nekazaritzaren kolektibizazioa sobietar erregimenak ezarri zituen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, ekonomiak gora egin zuen, petrolio eta gas gehiago ateratzen hasi ziren, eta kotoi uztak ere handiagoak izan ziren. Baina 1963-1983 bitartean, Leonid Breznhev-en agintaldian, arazo politikoak areagotu egin ziren, eta ekonomiaren hazkundea eten egin zen. Sobietar Batasuneko agintaritzak gai bakarreko nekazaritzaren aldeko politika bultzatu zuen errepubliketan –Turkmenistanen, adibidez, kotoia sartu zuen–, eta nekazaritzak atzera egin zuen. 1985etik aurrera, Mikhail Gorbatxov-en ekimenez, aldaketa handiak izan ziren Sobietar Batasunean. Islamak halako berpizte bat izan zuen, eta meskita asko eraiki ziren. 1991ko abuztuan, Sobietar Batasuneko estatu kolpeak huts egin ondoren, Alderdi Komunistak gobernatzeko zilegitasuna galdu zuen Turkmenistanen. Niyázov-ek burujabetasuna eskuratzeko beharra ikusi zuen, eta plebiszitua deitu zuen. Urrian, errepublikak burujabetasuna adierazi zuen, eta handik hilabete batera Estatu Independenteen Erkidegoan sartu zen. Alderdi Komunista Alderdi Demokratikoa bihurtu zen. Munduko herrialdeek Turkmenistanen burujabetasuna ezagutu zuten. Nizáyov lehendakaria –Turkmenistango Alderdi Komunistaren idazkari ohia– Ankaran eta Teheranen izan zen, eta bere gobernuak Turkiarekiko harremanei lehentasuna emango ziela adierazi zuen, bi herrialde horien arteko kulturak hurbilago zeudelako. Teheranen merkataritza itunak egin zituen, gas naturala ekoizteko eta garraiobide sare bat eraikitzeko. 1992ko hauteskundeetan, Niyázov atera zen garaile, botoen % 99,5 eskuratuta. Errusiatik aldendu gabe –1993an merkataritza itunak egin zituzten–, Iranera hurbildu zen, Ashgabat-Teheran arteko burdinbidearen eraikuntzaren bidez. 1994ko urtarrilean, erreferendum baten bidez, Niyázov lehendakari hautatu zuten berriro (botoen % 99,9). Lehendakariak oposizioari gogor egiten segitzen zuen, eta oposizioko buruzagietako batzuek Moskura ihes egin behar izan zuten. 1995eko urtarrilean, Turkmenistan, Turkia, Iran, Kazakhstan eta Errusiak hitzarmen bat egin zuten, Turkmenistanek Iran eta Turkian zehar gas naturala Europa mendebalera esportatzeko behar zuen olioduktua finantzatzeko. 1997ko abenduan, Turkmenistan eta Iran arteko lehen olioduktua inauguratu zen. Nizáyov lehendakariak diktadura feudal bat ezarria zuen, bere buruaren gurtza etengabea —urrezko estatua erraldoiak, bere irudia nonahi jarria— eta neurri arbitrarioak —atzerriko hizkuntzak erakusteko debekua, urrezko hortzak erabiltzekoa— eta errepresio latza ezaugarri nagusitzat zituena. Diktadorea 2006an hil zen, eta Gurbanguly Berdimuhammedovek hartu zuen agintaritza, 21 urtez gobernatu zuen diktadorearen politikarekin segituko zuela esanez, eta bera da gaur egun lehendakaria.
http://turkmenistan.gov.tm/_en/