Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

turkiar

izlag. eta iz. Turkiakoa, Turkiako herritarra.  v Asia erdialdeko herri multzoa. VI. mendean haien inperioa Mongoliatik Itsaso Beltzeraino hedatu zen. Turkiar gehienak musulmanak dira, eta Asian, Turkiako mendebalean eta Volga ibaiaren arroan bizi dira. Herri turkiarrak bi talde nagusitan banatzen dira, mendebalekoak eta ekialdekoak. Mendebalekoen artean Europako turkiarrak, Asiako mendebalekoak eta Irango ipar–mendebalekoak daude. Ekialdekoen barruan berriz Txinako Sinkiang lurraldekoak eta Sobietar Batasun ohiko hegoaldeko errepubliketakoak daude. Turkiakoek ezik, gainerako herri turkiarrek ez dute historian zehar batasun politikorik izan 1917. urtea arte. Errusiako iraultzaren ondoren turkiarrek Sobietar Batasuneko hegoaldeko errepublikak sortu zituzten. Turkiar herrien artean nagusiak, Turkiako turkiarrez gain, uzbekak, kazakhak, kirgizak, turkmeniarrak, bashkirak eta azerbaidjandarrak dira. v Turkiar gazteak (Turkieraz, Jöntürkler). Abdülhamid II.a sultana eraitsi eta gobernu konstituzionala ezarri zuen turkiar higikundea. Zenbait taldek osatua zen; higikundearen abiapuntua 1868an Midhat Bajak sorturiko Turkia Gaztea taldea izan zen. Mende amaieran (1894), Europara –Parisa bereziki– erbesteraturiko turkiar gazteek Batasuna eta Aurrerapena elkartea sortu zuten. 1903tik Niazi Bey-k eta Enver-ek zuzentzen zuten armadako ofizial gazteen talde bat eratu zen helburu berberarekin. 1907tik aurrera talde hau, Batasuna eta Aurrerapena-rekin eta Sabaheddin-ek zuzenduriko taldearekin elkar harturik, matxinada prestatzen hasi zen. 1908ko uztailaren 24an sultana konstituzioa onartzera behartu zuten. Turkiar gazteek erreforma neurriekin batera administrazioa, sekularizazioa, industriaren hasiera, gutxiengo nazionalen zapalketa –armeniarrena bereziki– ekarri zuen politika guztiz nazionalista ezarri zuten. 1913an Enver-ek, Talaat-ek eta Kemal-ek osaturiko hirukoa aginpideaz jabetu zen. Lehen Mundu Gerran Alemaniaren alde jardun zuten. 1922an Mustafa Kemal-ek hartu zuen aginpidea eta ondoko urtean errepublikako lehen lehendakaria izan zen.