Turkia
(Izen ofiziala, Turkiako Errepublika; Turkieraz, Türkiye Cumhuriyeti). Asiako mendebaldeko estatua, zati bat Europako Balkanetako penintsularen hego-ekialdean duena. 779.452 km2 eta 65.599.206 biztanle (1999, turkiarrak). Mugak: iparraldean, Itsaso Beltza eta Bulgaria; ipar-ekialdean, Georgia; ekialdean, Armenia eta Iran; hegoaldean, Irak, Siria eta Mediterraneo Itsasoa; mendebaldean, Egeo Itsasoa eta Grezia. Hiriburua: Ankara. Hiri nagusiak: Istanbul, Izmir, Adana, Bursa. Hizkuntza ofiziala: turkiera. Etniak: turkiarrak, % 85,7; kurduak, % 10,6; arabiarrak, % 1,6; besteak, % 2,1. Erlijioa: islama, % 99,2; besteak, % 0,8. Dirua: Turkiako lira. v Orografia eta hidrografia. Turkiako lurraldeko parterik handiena Anatolian (Asia Txikian) dago (755.668 km2), eta Europako Trazian parterik txikiena (23.764 km2). Anatoliaren eta Traziaren artean, Marmarako barne itsasoa dago, Bosforo eta Dardanelo itsasarteen bidez Itsaso Beltzarekin eta Egeo itsasoarekin lotura duena. Lurralde menditsua da Turkia, mendi garaiez, eta horien artean, malda malkorrez inguratutako sakanez eta goi-ordokiez osatua. Anatoliako erdialdea goi-ordoki lehor bat da, 3.000 m baino gehiagoko mendiez inguratua: Pontos mendiak iparraldean (Kaçkar mendia, 3.932 m), eta Toros Daglari mendiak hegoaldean (Cilo mendia, 4.116 m). Goi-ordokiak batez besteko garaiera 1.000 m-koa du. Gaur egun, alderdi horretako parterik handiena itsasora irteerarik ez duen arroa bat da, ur gaziko aintzirak eta higadurak jandako eremu handiak dituena (Kapadozia). Halaber, inguru horretan, sumendi gazteak dira, besteak beste: Erciyes, 3.917 m-koa, Anatoliako erdialdeko mendi garaiena. Anatoliako ekialdea Armeniako mendi garaiez eta sumendi gazteez osatua da. Horien artean, Ararat mendia (5.185 m) da nabarmenena, Turkiako mendi garaiena dena. Mendiak labaz estalitako ordoki garaietan daude; horietako batean ur gaziko Van aintzira dago. Anatoliako mendebalak sakan zabalek berezitako mendikate luzeak dira. Trazia arroa handi bat da, iparraldean Istranca mendiak, hegoaldean Ganos mendiak eta, ekialdean, Bosforo aldean, 100 m garai inguruko ordokiak dituena; erdialdea, lehorra, muino ugariko ordokia da. Istanbul inguruko ordokiak ibar sakonek irekita daude. Horietako bat, Bosforo ibarra, azken glaziarrak urtu eta itsas maila igo zenean, urez bete zen; gaur egun, Marmara itsasoa eta Itsaso Beltzaren arteko pasabide da. Dardanelo itsasartea ere gisa berean sortua da. v Ozeano Atlantiko eta Indiako Ozeanoko uren banalerroak zeharka igarotzen du Anatoliako ekialdea. Banalerroaren ekialdeko ura Kaspiar Itsasora doa Kuruçay eta Aras ibaien bidez eta Persiako golkora Tigris eta Eufrates ibaien bidez. Banalerroaren mendebaleko eta iparraldeko ura Itsaso Beltzera doa Kizil Irmak (Halys) eta Sakaria ibaien bidez. Yesil Irmak (Iris) ibaiak ere Itsaso Beltzean isurtzen du ura. Anatoliako mendebaleko ura Marmarako eta Egeo itasoetara doa Susurluk ibaiaren, eta Gediz eta Buyukmenderes ibaien bidez. Ura Mediterraneo Itsasora isurtzen dutenen artean, aipatzekoak dira Goksu (Calycadnus), Seyhan (Sarus), Ceyhan (Pyramus) eta Orontes (Asi) ibaiak. Anatoliako aintzira handienak ekialdeko Van, erdialdeko Tuz (munduko gatz kopuru handiena duena: % 32,2) eta hego-mendebaleko Beysehir, Egridir eta Burdur dira. Urtegi handiak ere badira. v Klima eta landaredia. Turkiako klimak alde handiak ditu lurraldeko toki batetik bestera. Oro har, kostaldeak klima samur hezea du; barnealdeak berriz, hotza eta lehorra. v Mediterraneoko motako txapar-landaredia, sastraka eta zuhaixkak hazten dira Turkiako hegoalde, mendebal eta ipar-mendebalean. Itsaso Beltzeko kostaldean eta iparraldeko mendietan pinudi handiak dira. Antiokiako barnealdean berriz estepako landaredia da, lehorreko belar motz eta zuhaixkekin. Turkiako bertako zuhaitzen artean aipatzekoak dira haritza, pinua, zedroa, palmondoa eta izaia. ■ Biztanleak. Anatoliako penintsula herri askoren bizitoki izan da. Mediterraneo aldeko ezaugarriak zituen biztanleria Mongoliako ezaugarriak zituenarekin nahastu zen XI. mendean, Asiako erdialdetik turkiarrak eta mongoliarrak sartu baitziren lurraldean. Gaur egungo biztanleak nahasketa horien ondorengoak dira, baina, hala ere, Mediterraneo aldeko ezaugarriak nagusi dira biztanleengan, itsasoaldekoengan batez ere. Turkiarrez gainera, ur banalerrotik ekialdera, hego-ekialdeko eremu zabala hartzen duten kurduak (% 10,6), Siriarekin muga egiten duen aldeko arabiarrak (% 1,6) eta hiri nagusietan bizi diren armeniarrak, greziarrak eta juduak ere badira. Biztanle gehienen ama hizkuntza turkiera da, baina, batez ere, kurduera eta arabiera, eta baita grekoa, armeniera eta hebreera ere erabiltzen dira. Erlijioz Turkiako ia biztanle guztiak islamaren jarraitzaileak dira, musulman sunniak gehienbat. Turkiako biztanleriak oso ugaltze bizkorra izan du XX. mendean zehar, jaiotza tasa oso handia izan baita, eta heriotza tasa, berriz, gero eta txikiagoa da: 1960an, jaiotza tasa % 43koa zen eta heriotza tasa, berriz, % 16koa; 1990ean berriz jaiotza tasa % 30koa eta heriotza tasa % 8,4koa izan ziren. Azken hamarraldietan, jende asko hirietara joan da bizitzera: 1950ean biztanleen % 25 bizi zen hirietan, eta 1995ean, aldiz, % 70era iritsi zen hiritarren kopurua. Exodo horrek hiri nagusien inguruan txabola auzo ugari sortzea ekarri du, Istanbulen (6,6 milioi biztanle 1990ean) eta Ankaran (2,6 milioi) batez ere. Biztanle dentsitatea apala da oso (80 bizt./km2), baina batez besteko horrek ezkutatu egiten ditu eskualde batetik bestera dauden aldeak: alde batetik, Istanbul ingurua, Egeo eta Mediterraneo Itsasoen kostaldea, hego-ekialdeko Anatolia, eta beste aldetik, erdialdeko eta ekialdeko Anatolia eta Itsaso Beltzeko kostaldea. Dena dela, hego-ekialdeko Anatolia kasu berezia da: alde batetik, hazkunde natural bereziki handia du, eta beste aldetik, 1984. urteaz geroztik turkiar gudarostearen eta separatista kurduen artean izan diren borrokek biztanle asko lekuz aldatzea ekarri dute (1995ean milioi bat lagunek utzi zuten beren bizitokia); soroak hustu egin dira eta hiriak iheslariz bete. Gerra egoera horrek eskualde hartako garapen ekonomikoa jartzen du kolokan. ■ Ekonomia. 1996an, biztanle aktiboen % 46 lehenengo sektorean ziharduen lanean, % 22 bigarren sektorean (industria) eta % 32 hirugarren sektorean (zerbitzuak eta turismoa). Alde handiak daude, hala ere, eskualde batetik bestera banaketa horri dagokionez. Langabezia oso handia da (% 8 1995ean), baldintza txarreko lanpostuak ugariak dira, eta turkiar asko eta asko mendebaldeko Europara eta inguruko herrialdeetara joan dira lan bila. Hala ere, Turkiako ekonomiak hazkunde bizkorra izan du: 1996an BPG 182,5 mila milioi dolarrera iritsi zen, eta urteko hazkunde tasa % 6,4koa izan zen. Baina zabaltze hori Turkiaren mendebaldeari dagokio batez ere, izan ere, ekialdeko Anatoliak ekonomia egoera latza bizi baitu. 1970. urtearen amaiera arte Turkiako ekonomiaren bilkaera enpresa publikoetan oinarritzen zen (industria astunak, garraioak, bankuak, etab.), eta horiekin batera enpresa pribatu txiki ugari zeuden. Baina Nazioarteko Diru Funtsak horrela eskatuta, liberalizazioa eta ekonomiaren zabaltzea bideratu zen 1980. urtetik aurrera. Politika horrek atzerriko inbertsioak erakarri zituen eta finantza holding handiak sortu ziren. Horrek guztiak, ordea, eragin gogorrak izan zituen gizartean: inflazioak gora jarraitzen zuen (% 80 1996an) eta atzerriko zorra ere handia zen (75 mila milioi dolar 1996an). Nekazaritzari dagokionez, Turkia bi alderditan banatzen da: batetik, Anatoliako goi-ordokian garia eta garagarra lantzen dira eta ardiak hazten; kostaldean, aldiz, laboreak eta industria gaiak (kotoia, tea, tabakoa) eta merkataritza gaiak egiten dira (olibak, fruitu lehorrak). Nekazaritza jabetza txikietan oinarritzen da eta horrek azaltzen du nekazaritza hain atzeratua izatea. Energiari dagokionez, Turkiak bere beharren erdia asetzen du, gutxi gorabehera, nahiz eta ikatz eta lignito hobi handiak dituen, eta baita petrolio hobiak ere Anatoliako hego-ekialdean. Lurralde horretako baliabide hidroelektrikoak ez dira erabat ustiatu, baina garrantzizko proiektuak daude maila horretan. Industria Turkiaren mendebaldean biltzen da batez ere, eta jarduera nagusiak ehunaren eta elikagaien ingurukoak dira. Ankara hiriburu administratiboa da, baina ez dago ia industriarik; Istanbulen, aldiz, industria arinak eta goi mailako teknologiako lantegi nagusiak daude. 1980. urteaz geroztik Turkiak ekonomiaren zabaltzea ezagutu zuen, eta beste herrialdeekiko trukeak asko hazi ziren: esportazioak 1975ean BPGren % 10 ziren, eta handik hogei urtera berriz % 20. Merkataritza balantza defizitarioa da (-13,2 mila milioi dolar 1995ean), baina defizit hori turismoaren industriak eta atzerrian bizi diren turkiarrek bidaltzen duten diruak osatzen du. Turkiak Europar Batasunarekin ditu merkataritza harreman gehienak. Hala ere, Turkiak harremanak hobetu nahi ditu Ekialde Hurbilarekin, Balkanetako herrialdeekin eta antzinako Sobietar Batasunarekin. 1999ko abuztuan lurrikara izugarri bat izan zen Turkian, Izmir eta Istanbuleko eskualdean gehienbat. Oso ondorio gogorrak izan zituen Turkiako ekonomian, eskualde horietan baitaude Turkiako industriagune nagusiak. v Gobernua eta gizartea. Turkia errepublika bat da, demokrazia parlamentarioko gobernu sistema duena. Mustafa Kemal Ataturk-ek sortu zuen errepublika, 1923ko urriaren 29an, Inperio Otomandarra desegina zenean. Harrezkero, Turkiako ekonomiak eta politikak gorabehera handiak izan dituzte. Ataturkek Turkia modernoaren oinarri ideologikoak ezarri zituen, eta gizartean, erlijioan, politikan eta hizkuntzan eragin zituen aldaketak eztabaidagai dira gaur egun ere. Bien bitartean, gobernuak, batzuetan militarra besteetan parlamentarioa, arazo handiak izan zituen behin-behineko egoera politikoa gainditzen. 1980an, militarrek aginpide osoa hartu zuten, alderdi politikoak debekatu zituzten, Parlamentua deuseztatu, eta lehen ministroa eta lehendakaria kargutik kendu zituzten. Sei militarrez osatutako batzorde batek hartu zuen aginpidea, eta batzordeko lehendakariak zuen estatu buruzagitza. 1982ko konstituzio berriak, herrialdea gudarostearen mendean utzi arren, errejimen parlamentarioa onartu zuen: Nazio Biltzarrak gobernuaren erabakien gaineko erantzunkizuna du. v Errepublika sortu zenean, Turkiako hamar biztanletatik batek baino ez zekien irakurtzen; gaur egun, 15 urtetik gorako gizonezkoen % 87 eta emakumezkoen % 64 alfabetatuak daude. Osasunari dagokionez, eritasun kutsakorren ondorioz hiltzen direnak eta, baita, jaioberritan hiltzen diren haurrak ere, herrialde aurreratuenetan baino gehiago izanik ere, Turkiako osasun egoerak onera egin du XX. mendearen erdialdeaz geroztik. Turkiarren batez besteko bizi itxaropena 62 urtekoa da gizonezkoentzat eta 66 urtekoa emakumezkoentzat. Bestalde, errenta txikiak, demografiaren hazkundeak eta herritik hirirako emigrazioak etxe falta ekarri du; hiri nagusiak oinarrizko azpiegiturarik ez duten aldiriez inguratuak daude. v Kultura. Turkiako kulturak Arabiako, Persiako eta Bizantzioko kulturen ezaugarriak edo osagaiak ditu. Baina, XIX. mendetik aurrera, Europako sartaldeko kultura sartu, eta Lehen Mundu Gerraren ondoren Turkiako estatu berria sortu zuen gutxiengo ilustratuaren artean sustraitu zen. Harrezkero, Turkiako bertako kultura-nortasuna sendotzeko joera nagusitu da, lehenik eta behin, arabiar kulturaren eraginari aurre eginez. Mustafa Kemal Ataturkek alfabeto latinoa eta egutegi gregoriarra nahitaezko egin zituen. Turkiako artistek eta idazleek nazionalismo kulturalaren eta mendebaleko kulturaren aldeko jarrera hartu dute, tradizio panislamikoaren kaltetan. Turkiako erakunde ofizialek tradizioko kultura bultzatzen dute, mendebaleko antzerkiarekin eta operarekin batera. Kulturaren hiri nagusiak Ankara, Istanbul eta Izmir dira. Turkian antzinako kulturen aztarnak eta eraikuntza ikusgarriak daude. Aipagarria da, besteak beste, Istanbuleko Santa Sofiaren basilika, VI. mendean eraikia, eta geroago, mezkita eta museo izana. Literaturan, XVI. mendean, Inperio Otomandarraren zabalkundearekin batera, Arabiako eta Persiako eraginak zituen literatura egin zen. Garai hartako idazele aipagarrienak Fuzuli (1480-1556) eta Baki (1526-1600) olerkariak dira. XIX. mendean, aldaketa nabarmena izan zen, Frantziako erromantizismoaren eragineko literatura egiten hasi baitzen. Namik Kemalek (1840-1888) aberriaren eta askatasunaren ideiak zabaldu zituen. Hizkuntzaren erreformarekin batean (ortografia fonetikoa bideratzea eta arabieraren eta persieraren irakaskuntza galaraztea) idazkera egunoroko hizkuntzara etorri zen. Errealismoak gorteko poesiaren tokia hartu zuen, eta idazleek herri xumearen bizimodua islatu zuten: Nazim Hikmet (1902-1963), Yachar Kemal (1920) eta Mahmut Makal (1930) dira aipagarrienak. Zinemagintzan, aipagarria da Yilmaz Güney (1937-1984) zinema antzezle eta zuzendaria, berak egindako filmetan (Yol, 1982; Harresia, 1983; etab.) Turkiako politika, gizarte eta sexu zapalkuntza salatu zituena. v Historia. Gaur egungo Turkiako lurraldean munduko hiri zaharrenetako baten aztarnak aurkitu dira: Neolitoko Çatal Hüyük-eko zibilizazioa (K.a. 6500-5700). K.a. 3000. urte inguruan mesopotamiarrek eta siriarrek salerosketak egin izan zituzten lurraldean sortu ziren hiri-estatuekin. K.a. 1900 inguruan, asiriarrek eta amorriarrek merkataritza harremanetarako koloniak sortu zituzten Kapadozian. K.a. XVIII. eta XII. mendeetan, erreinu (hititak, hurritak…) eta greziarren hiri batzuk (Mileto, Efeso…) finkatu ziren lurraldean. Geroago, frigiarrek eta lidiarrek lurraldeko mendebala hartu zuten, eta ekialdean, gaur egungo armeniarren sorterriak, Urartuko erreinu ahaltsuak, hartu zuen bizitokia. K.a. VI. mendean persiar akemenestarrek lurralde osoa beretu zuten, mende batzuk lehenago greziarrek kostaldean sortu zituzten hiriak barne. Bi mende geroago, Alexandro Handiak Persiako inperioa konkistatu zuen, eta Asia Txikiaren helenizazioa ekarri zuen. K.a. I. mendean, Erromak ia lurralde osoa hartu zuen. Armeniako erreinuak, ordea, burujabetasuna gorde zuen, mendebaleko Erromako Inperioaren eta ekialdeko partiarren erreinuaren artean. K.o. IV. mendean, Konstantino I.a Handia enperadoreak (306-337) Bizantzio hartu zuen hiriburutzat, Itsaso Beltzaren sarreran. Konstantinopla izena eman zion hiriari, eta handik gutxira, Ekialdeko Erromako inperioaren hiriburua zelarik, Europako hiri handien bilakatu zen. Teodosio enperadorearen heriotzarekin inperioa bitan banatu zenean (395), Konstantinopla Bizantzioko inperioko hiriburu izan zen (ik. Bizantzioko Inperioa). Inperioak Mazedoniako dinastiarekin izan zituen urterik oparoenak (867-1057). v Turkiarrak. XI. mendetik aurrera, Asiako estepetako turkiar gudariak egokitu ziren han. Bizantzioko enperadoreak Manzikert-eko gudua galdu zuenean (1071), turkiarrak oldeka sartu ziren Asia Txikian. Turkiarrak elkarren etsai ziren estatuetan banatu ziren, turkiar seljuktarrak osatzen zutela talderik handiena. XIII. mendearen lehen erdialderako lurraldeko biztanle gehienak turkiarrak ziren, eta erlijioz musulmanak. Mende horretan izandako mongoliarren inbasioak ondorio nabarmenak izan ez bazituen ere, seljuktarren sultenerriaren egituraketa politikoa ahulduta utzi zuen. Handik urte batzuetara, turkiar otomandarrak gailendu zitzaizkien. XIII. eta XIV. mendeetan, ia Anatolia osoa hartu zuten otomandarrek, Europara igaro ziren, eta Balkanetako penintsulan barrena zabaldu ziren. Nolanahi ere, Konstantinoplak burujabetasuna gorde zuen, harik eta 1453an, turkiarrek hiria setiatu, eta Inperio Otomandarraren hiriburu egin zuten arte: Istanbul. Inperio Otomandarrak XVI. mendean izan zituen urterik oparoenak, Selim I.a Ankerra (1467-1520) eta Suleiman I.a Bikaina edo Legegilea (1520-1566) sultanen agintaldietan, inperioa Argelia, Tunisia, Libia, Egipto, Arabia, Mesopotamia, Anatolia, Balkanetako penintsula eta Krimearaino zabaldu baitzuten. Baina, Europako mendebaleko aurrerapenak eta berrikuntzak bere egin ez izanak inperioaren gainbehera ekarri zuen (ik. otomandarr). v XX. mendea. 1908an, «Turkiar gazteak» higikunde erreformazaleak Abdulhamid II.a sultana 1876. urteko konsituzioa hartzera eta, geroxeago, aginpidea uztera behartu zuen. Haren ordez, Muhammad V.a ezarri zuten aginpidean (1909-1918). Autoritarismoa eta ultranazionalismoa bultzatu zituzten eta 1914an, Lehen Mundu Gerran, Austriaren eta Alemaniaren alde egin zuten. Orduko, Balkanetako gerren ondoren (1912-13), otomandarrek Europan zituzten lurraldeetatik Traziako ekialdea baino ez zuten gorde ahal izan. Gainera, turkiar abertzaletasunaren berpiztearekin batera, arabiar, kurdu eta armeniarrekiko gatazkak hasi ziren. Tturkiarrek sekulako sarraskia egin zuten armeniarren artean (1894-96 eta 1915-16); bi milioi armeniar inguru hil zituzten Lehen Mundu Gerran, eta bizirik geratu zirenak herrialdetik alde egitera behartu zituzten («Armeniako genozidioa» izenaz ezagutu izan dena). Harrezkero, armeniarren eta turkiarren arteko gatazkak ez du konponbiderik izan, turkiarrek ez baitute genozidio hura bere gain hartu nahi izan. 1914-1918 urteetako gerran, Turkiako gudarosteek, Dardanelo babesten onik atera baziren ere, Arabiako probintzietan sekulako hondamendia izan zuten. 1920ko abuztuan, Sèvres-eko hitzarmenak otomandarren inperioa desegitea eta aliatuak Anatolian sartzea ekarri zuen. Muhammad VI.a sultanak Istanbul eta ipar-mendebaleko zati bat baino ez zituen gorde. Bien bitartean, Armeniako Errepublika burujabea sortu zen, kurduentzako autonomia onartu zen, eta Greziak Izmir eta Trazia eskuratu zituen. v Mustafa Kamal Ataturk: Turkiako Errepublikaren sortzailea. Mustafa Kamal jeneralak, geroago Ataturk deituak («turkiarren aita»), ez zituen sultanaren gobernuari ezarritako baldintzak onartu, eta abertzaleen erresistentzia antolatu zuen, Inperio Otomandarraren ordez Turkiako estatua sortzeko. 1920an, Ankaran egin zen Nazio Biltzarrak lehendakari hautatu zuen. Handik gutxira, Anatoliako barnealdea mendean hartu zuen, eta 1921ean, Sobietar Batasunarekin Kaukasoko mugak finkatzeko hitzarmena sinatu zuen. Greziarrak Traziatik eta Izmirko eskualdetik alde egitera behartu zituen, eta sultanerria desegin zuen. Lausanako bakean (1923ko uztaila), Turkiako mugak zehaztu eta aliatuen gudarosteak behin betiko joatea hitzartu zen. Honenbestez, armeniarrek eta kurduek aliatuen babesa galdu zuten. Gainera, 1.400.000 greziar atera eta 450.000 turkiar sartu ziren Turkiara. 1923ko urriaren 29an, Turkiako Errepublika sortu zen, Mustafa Kemalen lehendakaritzapean eta berak sortu zuen Herriaren Alderdi Errepublikarra (HAE) alderdi bakarraren aginpidean. Turkiako Errepublikak Ankara hartu zuen hiriburutzat. Kemal Ataturkek estatu autoritarioa, zentralizatua eta laikoa bideratu zuen, islam erlijioan oinarritua zen zuzenbidea indargabetu eta kode zibila onartu zuen, egutegi gregoriarra eta alfabeto latinoa hartu zituen, poligamia debekatu eta nahitaezko irakaskuntza bultzatu zuen, emakumeei botoa emateko eskubidea eman zien, etab. Bestetik, greziar, armeniar, kurdu eta beste herri txikien eskubideak aintzat hartu ez izanak gatazkak piztu zituen, Ataturkek gogor zapaldu zituenak. Ekonomiaren hondamenari aurre egiteko Ataturkek estatuaren parte hartze zuzena bideratu zuen. 1938an, Ataturk hil zenean, haren adiskide batek, Ismet Inonu jeneralak, hartu zuen lehendakaritza. Inonurekin Turkiak neutral jokatu zuen Bigarren Mundu Gerran, baina 1945ean, Alemaniaren eta Japoniaren aurka egin zuen. Hala, Turkiak Estatu Batuen laguntza irabazi zuen. Bestalde, Ataturkek ezarritako errejimen gogorra leundu zen, eta alderdi poltikoek eta sindikatuek nolabaiteko askatasuna lortu zuten. Nolanahi ere, krisi ekonomikoak, gastu militarrek areagotua, gobernuaren ahultzea ekarri zuen. v Turkia 1945etik aurrera. 1950ean, Alderdi Demokratikoak eskuratu zuen aginpidea, Celal Bayar lehendakariarekin eta Adnan Menderes Lehen ministroarekin. Turkia NATOn sartu zen, baina krisi ekonomikoa areagotu zen, eta Menderesek, askatasunak murriztu eta diktadore baten gisa gobernatu zuen. 1960an, militarrek, Gursel jeneralaren gidaritzapean, hartu zuten aginpidea, konstituzio berri bat egin zuten, eta gobernua eta Alderdi Demokratikoko buruzagiak espetxeratu zituzten. Demeresi eta beste buruzagi batzuei heriotza zigorra eman zieten. 1961eko hauteskundeetan, Gurselek lehendakaritza gorde zuen, eta Ismet Inonuk, HAEko buruak, lortu zuen Lehen ministro kargua. 1965ean Justiziaren Alderdiko (JA; Alderdi Demokratiko ohia) buruzagiak, Suleiman Demirel kontserbadoreak, hartu zuen Inonuken tokia. 1980ko estatu kolpea arte, HAEko Bulent Ecevit sozialdemokratak eta JAko Demirelek txandaka gobernatu zuten, koalizio gobernu ahulak osatuz. Bien bitartean, barne egoerak okerrera egin zuen: krisi ekonomiko larria, oinarrizko eskubideen debekua, atxiloketak, islamiarren eta ezkerreko zein eskuin muturreko taldeen atentatuak, armeniarren eta kurduen burujabetasunaren aldeko borroka, etab. Eskuindarrek, Demirelen agintaldietan, gero eta aginpide handiagoa lortu zuten. Bestalde, 1974an, Turkiako gudarostea Zipreko uhartean lehorreratu zen, Makarios III.ari lehendakaritza kendu zioten greziar koronelen estatu kolpea galarazi nahian. Turkiaren eta Greziaren arteko gerra doi-doi saihestu ahal izan zen. 1980an, hirugarren aldiz hogei urtetan, militarrez osatutako batzorde batek hartu zuen aginpidea. Batzordeak, Kenan Evren jeneralaren agintaritzapean, aginpidea zibilei itzultzeko asmoa zuela jakinarazi zuen. 1982an, konstituzio berri bat onartu zen, oinarrizko eskubideak murriztuak onartzen zituena, eta militarrek aginpide osoa itzultzeko borondatea ez zutela agerian uzten zuena. 1983ko hauteskundeetan, Ama Aberriaren Alderdia (AAA) alderdiko Turgut Ozal atera zen garaile, eta gobernuko buruzagitza eskuratu zuen, baina estatuko lehendakaritza militarren mende geratu zen. 1987an, Turkiak Europako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen. 1989ean, Turgut Ozal errepublikako lehendakari hautatu zuten, Kenan Evrenen ordez. Ozal Europako mendebaldeko politikaren jarraitzaile izan da, eta 1990ean, Persiako Golkoko gerran, Iraken aurkako herrialdeekin bat egin zuen; soldaduak bidali ez bazituen ere, Turkiak aireportu militarrak eta estatubatuar baseak erabiltzeko baimena eman zuen. Ankara beldur zen Irakeko Kurdistanen independentziak kutsatuko zituen Turkiako kurduak. Kurduak guztira 19 milioi dira eta lau herrialdetan daude banatuta, Turkia, Siria, Iran eta Irak-en. Turkian –bertan bizi dira kurdu gehienak– ez zaie ezagutzen ez beren hizkuntza ez kultura. 1991ko urrian Turkiako gudarosteak Langileen Alderdi Kurduaren (PKK) baseak bonbardatu zituen Iraken iparraldean. Kurduen arabera, zeinbat herri ere bonbardatu zituzten. Urte horretako legebiltzarrerako hauteskundeetan, Soliman Demirel-en Bide Zuzeneko Alderdiak (DYP) irabazi zuen, botoen % 27 atera zuen eta Alderdi Sozialdemokratarekin elkartu behar izan zuen koalizioan. Higikunde fundamentalistek ezik, gainerako alderdi guztiek Europar Batasunean sartzea ezinbestekoa zela uste zuten, eta lehentasuna zen Turkiarentzat. Purple roof women´s shelter foundation emakumeen erakundeak hainbat ikerketa egin zituen 1991n emakumeen kontrako gizonezkoen gogorkeriari buruz. Emaitzen arabera, gizonezkoen % 45ek ondo ikusten zuen emakumeak zigortzea senarraren nahia betetzen ez zutenean; eta ikerketa horrek adierazten zuen lau emakume ezkongabetik batek eta hiru emakume ezkondutatik batek indarkeria jasaten zuela. Urte horretan bertan, Demirel Lehen ministroak bidaia bat egin zuen Turkia hego-ekialdeko kurduen lurraldeetara eta herri kurduaren nortasuna onartu zuen. 1992an PKK-k adierazi zuen behin-behineko gerra gobernua osatuko zuela eta biltzar nazional bat antolatuko zuela Kurdistanaren egoitzatzat hartzen den lurraldean, Turkia eta Irak hartzen dituen estatuan, hain zuzen. Baina egun gutxira, hainbat altxamendu izan zen hego-ekialdeko probintzietan eta borroka gogorrak izan ziren gerrillari kurduen eta gudarostearen artean. Gobernuak hitzarmen bat izenpetu zuen Siriarekin kurduen higikunde terroristei aurre egiteko. Baina Europako Kontseiluak eskatu zion Turkiari kurduen kontrako errepresioa gutxiagotzeko. Hala, Turkiak amnistia eman zien bost mila preso politikori eta baimena eman zuen kurduerazko bi egunkari kaleratzeko. 1993an Turgut Ozal presidentea hil zenean, Demirel Lehen ministro ohia hautatu zuten haren ondorengo, eta Tansu Ciller emakumea izendatu zuten Lehen ministro. PKK-k su-etena adierazi zuen, eta aipatu zuen prest zegoela Kurdistango estatu independentea osatzeko asmoa baztertzeko, baldin eta gobernuarekin negoziazioak hasten baziren. Baina gobernuak ez zion erantzun sendorik eman eta gerrari ekitea erabaki zuten gerrillari kurduek. Hainbat ekintza egin zituzten Europan, Alemanian batez ere. Gudarostearen erantzuna ere gogorra izan zen, eta ehunka kurduek beren herriak utzi behar izan zituzten; aldi berean, Irakeko Kurdistan bonbardatu zuten (1994). 1995eko hauteskundeetan alderdi islamistak gora egin zuen (PP) eta DYP-k koalizio gobernu bat osatu behar izan zuen islamistekin. 1996an Necmettin Erbakan islamista gobernu buru izendatu zuten. Baina 1997an gudarosteko talde batek frogak aurkeztu zituen: PP alderdiak erakunde islamiko legez kanpokoekin lotura estua zuela erakusten zuten froga haiek. Hala, Erbakan kargutik kentzea erabaki zuen presidenteak eta Gorte Konstituzionalak herrialdea gerra zibilaren arriskuan jartzeaz salatu zuen. Turkiako Giza Eskubideen Elkarteak azaldu zuen 1997an zehar 114 lagun hil zirela Turkian atxiloturik zeudela, 366k torturak salatu zituztela eta 66 pertsona desagertu zirela.
http://www.tourismturkey.org/