Turkestan
Asiako erdialdeko lurralde zabala, Kaspiar Itsasoaren eta Gobi basamortuaren artean hedatzen dena. Mugak: iparraldean, Siberia; hegoaldean, Tibet, India, Afganistan eta Iran; ekialdean, Gobi basamortua; mendebalean, Kaspiar Itsasoa. 2.600.000 km2 ditu eta bitan banatzen dute Pamir eta Tien Shan mendialdeek; Mendebaleko Turkestan (egungo Kazakhstan, Kirgizistan, Uzbekistan, Tadjikistan eta Turkmenistan) eta Ekialdeko Turkestan, Txinako estatuaren mende dagoena eta, egun, Sinkiang-eko lurralde autonomoa osatzen duena. v Orografia. Mendebaleko Turkestan Aral eta Kaspiar Itsasoen arteko sakonune zabala da, munduko mendi garaienetakoek inguratua: Pamir, Tien Shan eta iparralderago, Altai. Iniltxek eta Fedtxenko glaziar handiek eta urte osoko elurrek hornitzen dituzte urez Mendebaleko Turkestango bi ibai nagusiak, Amu Daria eta Syr Daria hain zuzen. Bi ibaiok Aral itsasoan isurtzen dute ura. Mendebaleko Turkestango biztanleak (turkiarrak, turkomanoak, tadjikak) mendialdeetan eta mendien arteko haranetan bizi dira. Ekialdeko Turkestan ere sakonune zabala da eta uigur jatorrikoak dira biztanle gehienak. Tashkent, Alma Ata eta Samarkanda dira Mendebaleko Turkestango hiri nagusiak eta Kaxgar, Khotan eta Ouroumtsi Ekialdeko Turkestangoak. Klima kontinentala da oro har, negu hotzak eta uda bero eta lehorrak. v Historia. II. mendean hunoek konkistatu zuten Turkestan. Hunoen erresuma gainbehera etorri zenean txinatarrek konkistatu zuten Ekialdeko Turkestan. Mendebaleko Turkestanen, 400. urtean edo, huno heftalien erresuma sortu zen artean. VI. mendean turkiarrak agertu eta Transoxianan egokitu ziren, Amu Daria ibaiaren ekialdeko lurraldean alegia. VIII. mendean arabiarek konkistatu zuten Transoxiana eta oparotasun handia izan zuen persiar sasandarren agintaldian. Aldi berean, Mongoliako uigurrek Ekialdeko Turkestan konkistatu zuten. Gengis-Kanek Turkestan konkistatu zuen XIII. mendean, Transoxiana barne. 1369. urtean Timur Lang enperadoreak lurraldea hartu zuen eta 1500. urtean uzbek dinastia baten mende zegoen. Hurrengo mendeetan etsai ziren adrerien helburua izan zen lurralde hau. Ekialdeko Turkestanen, artean, mendebaleko mongoliarrak nagusitu ziren XVIII. mendean txinatarren mende geratu zen arte. Errusiak XVIII. mendean hasi zuen Turkestango kolonizazioa. XIX. mende erdirako errusiarren mendeko gotorleku ugari zeuden lurraldearen iparraldeko mugan zehar. XX. mendearen hasieran errusiar eta ukrainar ugari egokitu ziren Mendebaleko Turkestanen eta 1924. urtean Sobietar Batasun ohiak bost errepublika eratu zituen. 1950. urtean Txinako gudarosteak Ekialdeko Turkestan inbaditu zuen eta 1955. urtean Sinkiang-eko lurralde autonomoa eratu zuten.
- Turiso
- turista
- türk
- Turkana
- turkesa
- Turkestan
- Turkia
- turkiar
- turkiera
- turkmeniar
- turkmeniera