Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Turingia

(Al. Thüringen). Alemaniako erdialdeko Land eta lurralde historikoa. 16.251 km2 eta 2.684.000 biztanle. Hiriburua: Erfurt. Mugak: Hesse ekialdean, Saxonia Beherea eta Saxonia Anhalt iparraldean, Saxonia ekialdean eta Bavaria. Harz mendialdeko ekialdea, Turingiako arroa eta Turingiako Oihana (Thüringer Wald) eskualdeak hartzen ditu. Helme, Saale, Untrut eta Werra ibaiek igarotzen dute lurraldea. v Ekonomia. Lurralde oihantsua da: koniferoak Harz-en eta pagoak Turingiako Oihanean. Turingiako arroan laboreak, lupulua eta fruitu arbolak lantzen dira. Meak: gatza eta potasak (Turingiako arroa, Werrako harana) eta burdina (Turingiako Oihana). Kimika industria (Erfurt); metalurgia; portzelana eta beira lantegiak (Meiningen, Sonneberg); zurgintza lanak. v Historia. 400. urtetik turingiarren herri germaniarraren kokalekua izan zen. V. mendean Atilaren hunoekin Galiara abiatu ziren. Eskualdea frankoek konkistatu zuten VI. mendean, eta gero Austrasiako zati izan zen. 804an Karlomagnok marka bihurtu zuen bere mendeko lurraldea saxoniarren eta eslaviarren erasoetatik babesteko. IX. mendean Germaniako erresumaren barnean geratu zen eta lurralde guztiaren kristautzea amaitu zen. X. mendean Saxoniako dukeen mende izan zen. XV. mendean dukerria bi zatitan bereizi zen. XIX. mendearen hasieratik turingiar eskualdeek Alemaniaren batasuna eman zuen prozesuan esku hartu zuten; Bismarcken Prusiaren eraginpean, 1871n inperio aleman berriaren barne geratu ziren. 1920an Turingiako estatua osatu zen. 1946tik Alemaniako Errepublika Demokratikoaren zati izan zen eta 1990tik Alemania batuaren Land bihurtu zen.