Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

turboerreaktore

iz. Teknol. Erreakzio hegazkinen propultsio elementu gisa jokatzen duen gasezko turbina. Turboerreaktoreak zati hauek ditu: 1) Airea presio handian konprimitzen duen konpresorea. 2) Errekuntza ganbera: bertan dauden erregai injektoreek jaurtitzen duten erregaia hor erretzen da. 3) Errekuntza gasek duten energiaren parte bat airezko konpresorea higitzeko xurgatzen duen turbina. 4) Ihes-haizebidea: errekuntzan sortzen diren gasak irteteko hodia. Erreakzio printzipioaren arabera, gas hauek irtetzean hegazkina aurrerantz bultzatzen dute. Errekuntza ganberan behar baino askoz aire gehiago sartzen da, ganberaren tenperatura gehiegi igo ez dadin. Turboerreaktorearen errendimendua handitzeko, batzuetan aire konprimatu gehigarri bat sartzen da konpresoretik haizebidera, jariakin bikoitzeko turboerreaktore bat eratuz. Turboerreaktorea da hegazkin batek 800 eta 3.000 km/orduko tarteko abiadura lortzeko motorrik egokiena.