Ts’eu-hi
edo Tz’u-Hsi. Txinako enperadorea 1881etik 1908ra (?, 1834 - Pekin, 1908). Jatorriz mantxua zen, familia noble bateko alaba; 1851n, hamasei urte zituela, iritsi zen Qing dinastiaren gortera, Xianfeng enperadorearen maitale izateko. Enperadoreak eta Ts’eu-hik seme bat izan zuten, gerora Tonghzhi enperadorea izan zena. Xianfeng enperadorea hil zenean, haren alarguna Tsi’an eta Ts’eu-hi izan ziren ordezko enperadore. Hemeretzi urte zituela Enperadorearen semea hil zen eta Ts’eu-hik bere iloba Guan yu oinordeko hautatzea lortu zuen, dinastiaren erritu eta ohitura guztiei uko eginez. Tsi’an 1881ean hil zen eta harrezkero Ts’eu-hi izan zen enperadore bakarra ilobaren ordez. 1889an ilobaren esku utzi zuen enperadoretza, eta honek “Ehun eguneko berrikuntza” hasi zuen, baina Ts’eu-hik eta agintari kontserbadoreek uko egin zieten berrikuntzei, Guan yu bahitu zuten, agintzeko gauza ez zela erabaki eta Ts’eu-hik berriro hartu zuen aginpidea. Atzerritarren aurka borrokatzen ziren boxerren alde jardun zuen eta 1900. urtean atzerriko nazioen aurkako gerra hasi zuen, baina gerra galdu eta mozorroturik ihes egin zuen Txinako sartaldera. 1902an Pekina itzuli zen eta berrikuntzak sustatu behar izan zituen. Hil aurretik Puyi izendatu zuen oinordeko. Hil ondoren aurkariak pozoitu eta hilarazi izana eta gortean ustelkeria bultzatu izana egotzi zioten. Erabateko aginpidea izan zuen eta haren agintaldian hasi zen Txinako inperioaren gainbehera. Kultura handiko emakumea zen.